BILBO. Segurtasun-dispositibo bat ezarri dute Madalena jaietarako datorren astelehenean Elantxoben,Ibarrangelun, Mundakan eta Bermeon. Ertzaintzak polizia-zerbitzua indartuko du segurtasuna bermatzeko.

Jaietan parte hartuko duten herritarren segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko eta edozein gorabeheraren aurrean erantzuteko ahalmena maximizatzeko, Ertzaintzak eta Elantxobe, Ibarrangelu, Mundaka eta Bermeoko udalek segurtasun-dispositibo bateratuak antolatu dituzte. Dispositiboaren baitan nabarmen murriztuko da ibilgailuen trafikoa, jai-eremua kolapsatu ez dadin eta larrialdietako zerbitzuek ebakuazio-bideak zabalik izan ditzaten.

Astelehen goizeko 08:30etik aurrera, debekatu egingo da ibilgailuak eragin-eremuan sartzea, eta baimendutakoak eta garraio publikorako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira; azken horiek ohiko ibilbidea egingo dute. Bide-mozketak egingo dira Ibarrangeluko sarreran, BI-2237 errepidean, Iturriozko bidegurutzean; BI-3234 errepidean, Akordarako bidegurutzean, Arboliz landetxearen parean; eta ur-araztegitik sartzeko bidean, Lastarri auzoan.

Arbolizetik iristen diren eskatu ahalako autobus-zerbitzuak BI-2237 errepidearen (Ibarrangelu) eta BI-3238 errepidearen (IbarrangeluàIspaster) Ibinagako bidegurutzeko biribilguneraino sartu ahal izango dira.

Eremuko trafikoa ertzainek eta udaltzainek arautuko dute, eta eragotzi egingo diete bertatik igarotzea baimendu gabeko ibilgailuei. Eremuan aparkatzeko hainbat gune jarri dira ibilgailuak bertan utzi eta jai-barrutira oinez hurbiltzeko.

Bestalde, adierazi behar da Lagako hondartzako txosnak eta jatetxea itxita egongo direla astelehen gauean, aurreko urteetan ez bezala.