Gernika-Lumo- Gaurkoan Mundakan hasi eta abuztuaren 15ean amaituko den Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor 2019 organo zikloak 12 emanaldi ekarriko ditu Busturialdera. Kortezubi eta Foru atxikita, nazioarteko musikari asko hartuko ditu “gure inguruneko musika ondarea azalarazi” nahi den zikloak, bide batez eskualdeko zortzi udalerritan dauden organoak biziberrituz.

Aurtengo berritasun nabariena Kortezubi eta Foruren parte hartzea izango da, nahiz eta zikloa, urtero legez, Arra-tzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako udalerrietako elizetan ospatuko den. Kasu honetan, azken udalerri honek hartuko du lehen kontzertua, Stephan van de Wijgerten kontzertuagarekin. Hala ere, goi mailako musikari ospetsuek parte hartuko dute, besteak beste Gautegiz Arteagan datorren larunbatean Alfonso Saez organo jotzailea Cristina Bayon sopranoagaz ariko dela zehaztu du Benantzi Bilbao zikloaren arduradunak. Hortik aurrera, Cristina Garcia uruguaytarra izango da Busturiako Andra Marin -uztailaren 24an-;Mara Fanelli eta Olimpo Menori Gernika-Lumoko Mertzeden -uztailaren 25ean-; Gernika-Lumoko Andra Mari korala eta Benantzi Bilbao Kortezubin -uztailaren 26an-; Matteo Inbruno Bermeon -uztailaren 27an-; Foruko Juan Rekartetren omenezko emanaldian Benantzi Bilbao arituko da, Foruan, uztailaren 27an; Margherita Sccidurlo izango da Ibarrangelun -uztailaren 28an-; Carlos Arturo Guerra Parra organojolea Gernika-Lumoko Andra Marin -uztailaren 31n-; Graziella Morino eta Nozomi Fukuda Arratzun -abuztuak 3an-; Radozlaw Marzek Busturian -abuztuak 3an- eta, azkenik, Javier Artigas eta Benantzi Bilbao izango dira Mundakan -abuztuaren 15ean-. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “eskualdeko organoak biziberritzea eta balorean jartzea” dute helburua nagusia, “gure altxor preziatu direnak”.