Gautegiz Arteaga - Urtero legez, Gautegiz Arteagako Orueta paduraren gainean kokatutako Urdaibai Bird Centerrek Afrikatik itzulitako arrano arrantzaleak beha-tzeko doako irtenaldiak eskainiko ditu. Aurtongo uda aldean bost irtenaldi antolatuko dira, uztailaren 12tik irailaren 6ra. “Irtenaldiak Oka ibaiaren eskuinaldetik burutuko dira arrano arrantzaleak baldintza hoberenetan behatu ahal izateko aukera hobea dagoelako”, zehaztu dutenez, eta “ibilbidean zehar arranoak ikusteaz gain hainbat alor desberdin jorratuko dira: paisaia, arranoen bizilekua eta espazioa partekatzen duten hegaztiak behatuko dira”.

Ornitologian aditua den zentroak uztailarean 12an eta 26an, abuztuaren 9an eta 23an, eta irailaren 6an egingo ditu irtenaldiak. “Irtenaldi horietan parte hartzeko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea telefono zenbaki hauetara deituz 946251157 eta 699839202”. Izan ere, plaza mugatuak daude, 15 pertsona gehienez bisitaldia bakoitzean. “Irtenaldi guztiak goizeko 10:00etan hasiko dira Urdaibai Bird Centerren”, azaldu dutenez, eta ordu bi eta erdiko iraupena izango dutela jakinarazi dute.

Arrano arrantzaleari buruzko datuak esplikatuko dira irtenaldi bakoitzean, baita hegazti arraparia Urdaibain berreskuratzeko egin den proiektuaren nondik norakoak ere. Izan ere “2013 eta 2017 urte bitartean Eskoziatik ekarritako 60 arrano gazte askatu ziren”. Arrano gazte horiek “Highland Wildlife Foundation taldeko adituek habi desberdinetatik ekarri zituzten 3-4 aste zituztenean”. Aranzadi Zientzi Elkartearen biologo eta adituen talde batek “monitorizaturiko egokitze prozesua bukatu ondoren irailaren erdialdean arranoak Afrikarantz abiatu ziren”, eta udan alean izaten dira bueltan Biosfera Arreserban. “Bisitaldi hauek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Politika Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k bultzatzen duten arrano arrantzalea berreskuratze-proiektuaren garapenean koka-tzen” direla azaldu dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunak.