Gernika-Lumo - Iragan den ostegunean eman zitzaion hasierako onarpena Gernika-Lumoko aurrekontuari. 21,6 milioi euro maneiatuko ditu Udalak, “egungo errealitate ekonomikora” moldatzea oinarri izanik. Eusko Abertzaleak-EAJ koalizioaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin eman zuten aurrekontuak onesteko lehen urratsa. Inbertsio errealen kapitulua potoloa izango da, 2,3 milioi eurotakoa, nahiz eta aurrekontua osatzen duen partida nabarmenena ez izan. Inbertsioen alorrean bada mimoz tratatuko den eremu bat: kirolak. Izan ere, Urbietako kirol-instalazioetan 747.120 euro zuzenduko dira. “Gure apustu handienetarikoa da”, Jose Maria Gorroño alkateak azaldu zuenez. Beste apustu garran-tzitsu bat erdiguneko zenbait kaleetan egingo diren hobetze lanak izango dira. Santa Maria eta Barrenkalen, eta Don Tello kalean, Agirre lehendakariaren eskulturatik San Juan kalearen bidegurutzera arte, lanak egingo dituzte, 395.511 euro inbertituz, “herriarentzat hain garrantzitsuak diren kale horiek humanizatzeko”.

Udalkutzaren igoerak -%7 gehiago jasoko da Aldundiaren partetik, 11 milioi inguru-onurak dakartza, gastuan eragiteko kapazitatea igoko da eta. Gastu arrunta delakoa aurrekontuaren atal garrantzitsuena da, 17 milioi eurotara heltzen delarik, “aurrekontuaren %86a, zehazki”, Iñaki Gorroño Ogasun zinegitziaren esanetan. Osoko Bilkura berezian aditzera eman zutenez, pertsonal sailak aurrekontuaren gastuen kapituluaren %25a suposatzen du. Alkatearen esanetan, “horrela Udalean lanean ari diren 153 langileren lansaria pagatzen dugu”. Bestetik, kale garbiketa eta sastar batze zerbitzuak 3,1 milioiko kostua du. Kulturaren alorrean, “ditugun ehun euroetatik kasik hamar gastatzen dugu”. Eta kirolari dagokionez, eta azpiegituren berrikuntzak salbu, “2,1 milioi izango ditugu erabilgarri”.

Erakunde autonomo bakoitzaren partidak ere zehaztu zituzten. Hala, Aita Luis Villasante Udal Euskaltegiak 449.000 euro izango ditu aurtengoan; Lanbide Ekimenak zentroak beste 516.000 euro; Kirol Patronatoak, bi milioi euro; eta Kultur Etxeak, azkenik, 2,1 milioi euro. Azkenik, gizartekintza arloetarako 940.000 euro izango dira, eskualdeko Zerbitzu Sozialen Mankomunitateari behar bezalako aportazioa egingo zaiolarik.

“Aurrekontu errealista da, sarreretara egokitzen dena eta baliabideak optimizatzen dituen. Eta inbertsioak lehenesten dituen”. Jendartean irekitako aportazioak jaso direla zehaztu zuen Gorroñok, Udaleko webgunearen bitartez heldutakoak. Horren adibide da Don Tello kalean egingo diren lanak aurrekontuaren parte izatea. Abstentzioaren aldeko hautua egin zuen EH Bilduk, nahiz eta aurtengo aurrekontua orain hilabete eskas amaitutako legegintzaldian onartu beharko litzatekela adierazi. Jose Ramon Bilbao Buli kexu agertu zen. “Ez gara ezta euro bat ere mugitzeko kapaz izan”, esan zuen, nahiz eta zabaldu berri den legegintzaldi berrian “marjina” izatea espero duten.