Bermeo - Euskaltzaindiak, Euskararen Akademiak, “goitik behera eraberritu” duen Euskara Ibiltaria erakusketa heldu berri da Bermeoko Arrantzaleen Museora. Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) materialekin egin da erakusketa, euskaldun eta erdaldunei zuzendua, eta euskal hizkun-tza “ikusi, entzun eta usaindu” daitekeela azaldu dute antolatzaileek, beti ere zentzumenekin jolasean, izan ere lau joko, puzzle bat, 54 mapa interaktibo eta herritarren ahotsak dira gozagarri irailaren 17ra bitartean bertaratzen direnentzat.

“XX. mendearen 80. hamarkadan heldu zion Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasa izenez ezagutzen den” egitasmoari. 2015. urtean sortua, EHHAtik eratorritako erakusketa da, nahiz eta Arrantzaleen Museoan aurkeztu denak “zerikusi txikia du orduko hartan egin zen proiektuarekin; erakusketa eraberritu eta interaktiboa da Bermeon erakusten dena, material berriz osatutakoa eta bisitariaren parte-hartze zuzena sustatzen duena”. Hala zehaztu zuten erakusketaren inagurazio ekitaldira hurbildu ziren erakundeetako ordezkariak. Bertan izan ziren Aritz Abaroa, Bermeoko alkatea; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura foru diputatua eta Arrantzaleen Museoko presidentea; Amaia Jauregizar, Atlasaren teknikaria; Xarles Videgain, euskaltzaina eta José Ramón Rementeria Laboral Kutxako ordezkaria.

Berrikuntzaz betetako erakusketa da, izan ere teknologia berrien erabilera sustatzen ditu, zentzumenekin jolasteko aukera ematen du, EHHAko mapa eta hitzekin jostatu ahal izango da -hiru joko egongo dira (gehi laugarren bat, QR kodeen bitartez erabiltzeko)- eta erronkak planteatzen dizkio bisitariari, besteak beste. Euskara Ibiltaria erakusketa irailaren 17ra bitartean izango da Arrantzaleen Museoan.