Lekeitio - Bere hemeretzigarren edizioa beteko du bihartik aurrera eta igandera arte Aittitta Txiki Kultur Elkarteak antolatutako Lekeitioko Iparraldeko Haizeak jaialdiak. Euskal kultura oinarri izanik, eta gastronomia, musika, bertsolaritza eta dantzaz osatutako menua eskuragarri jarriz, giro ona izango da nagusi udalerrian datozen egunotan. Larunbatean ospatuko den Gisatu Txapelketa izan leike ekitaldirik handiena, nahiz eta ez den gozamenerako ekimenik faltako.

Bihar emango zaio hasiera festibalari, Abaroa jauregiko parkean ospatu den bertso saioarekin. Bertan izango diran Julio Soto, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitiaren gidaritzapean. Ekitaldia 20:30ean hasiko da. Jaialdiaren ekimenik nagusienetako, hala ere, larunbatean ospatuko da. Izan ere tabernek eta kuadrilek desafioa gastronomikoa izango dute Gisatu Txapelketarekin. Goizeko 10:00etatik hasiko dira lanean, euren gisatuak Eskolapean aurkeztuko dituztelarik 13:30ean. Hala ere, ez da larunbateko ekimen bakarra izango. Baigorriko gaiteroak, Itxaropena taldeko txistulariak eta joaldunak kalerik kale arituko dira, bazterrak alaitzen. Bestetik, Fermin Balentzia abeslaria Galarrenan izango da, 12:30etik 13:30era.

Arratsalde partean dantza emanaldia ikusteko aukera izango da plazan, Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna taldeen eskutik. Iluntzean, berriz, Polekeleke elektrotxaranga izango da. Iganderako, azkenik, goizean Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka hartuko du plazak; Hernaniko pilotariek bote luzea pilota lehiaketa eskainiko dute eta Bankako Menditarrak kantari taldeak emango dio Iparraldeko Haizeak jaialdiari amaiera, 13:30ean. - I. Fradua