BILBO. Bermeo suhiltzaileen kamioi batez hornitzen da. Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu zuten apirilaren 10ean Bermeoko Herri babesa indartzeko.

Bermeoko Herri Babesak suhiltzaileen kamioi bat jaso zuen maiatzaren 20an material guztiarekin prestatuta. Era berean, suhiltzaileen jantziak jaso dituzte Herri Babeseko kideek eta emisore bat dute suhiltzaileekin zuzenean harremanetan jarri ahal izateko, sute edota beste larrialdi egoera bat egotekotan. Horrez gain, Herri Babeseko kideek formazioa izango dute eta baita ere aseguru bat, suhiltzaileek duten berbera.

Bermeoko Udala, Beruala, Herri Babesa eta suhiltzaileak elkarlanean ari dira aspaldi suteak saihesteko. Horrela, suteei aurre egiteko plangintza bat lantzen ari dira aspaldi eta, horren barne, hainbat lan egin dituzte, besteak beste, suteak prebenitzeko kanpaina bat abiarazi eta orain sinatutako hitzarmena.

Benito Ibarrolazak, jarduneko alkateordeak adierazi duenez, garrantzitsua izan da hitzarmen hau lortzea; izan ere, Herri Babesak “suteei aurre egiteko bitarteko gehiago izango ditu eta hori oso ezinbestekoa da bere lanerako”.

Ildo horretan, Bermeoko Herri Babesak egiten duen “lan izugarria” goraipatu du Ibarrolazak. “Boluntarioak dira eta gure herrian edozein ezbehar gertatzen denean beti daude prest laguntzeko eta lan egiteko, euren lana eskertzekoa da”, nabarmendu du.

Ibarrolazak gogoratu duenez, 2010. urtetik gaur arte, Alde Zaharrean 44 sute izan dira eta 100etik gora herriko beste leku batzuetan. Horregatik, bere esanetan, “Herri Babesa indartzea ezinbestekoa da eta lortutako hitzarmena oso positiboa da, baina horrez gain, ezinbestekoa da Bermeon suhiltzaile talde finko bat izatea”.