40 lanpostu

Bermeoaldeko Behargintzak 31 enpresa sortzen lagundu zuen iaz

08.02.2020 | 00:34
Bermeoko portua.

BERMEO. Bermeoaldeko Behargintzak 31 enpresa sortzen lagundu zuen pasa den urtean. Enpresa horiek 44 lanpostu sortu dituzte.

Enpresa horien %85a Bermeon kokatuta dago. %42a zerbitzu enpresak dira, %29a turismo eta ostalaritza sektoreetakoak, %16a dendak eta gainerakoak eraikuntza eta artisautza arloetakok.

Guztira 65 proiektu aztertu zituen joan den urtean Behargintzak, horietariko 31 bideragarriak eta martxan jarri direnak dira, 15 ez bideragarriak eta 19 oraindik aztertzen ari dira edota enpresa sortzeko prozesuan daude.

Behargintzak aurkeztutako proiektuak aztertzen ditu eta hainbat ikastaro eta tailer eskaintzen ditu. Horrela, 2018an 3 ikastaro (30 orduko oinarrizko enpresa kudeaketa gehi banakako tutoretzak) eta 22 tailer eskaini zituen enpresa berriak sendotu eta lehiakorragoak izaten laguntzeko.

Horrez gain, diru-laguntzak tramitatzeko aholkularitza eskaintzen du Behargintzak. Aipatutako 30 orduko ikastaroak eta tutoretzak BFAko diru-laguntza jasotzeko derrigorrezkoak dira eta Behargintza ikastaro horiek eskaintzeko homologatuta dago.

Behargintzan formazioa eta aholkularitza jaso duten 30 enpresen diru-laguntzak kudeatu dira 2018an eta horri esker ekintzaileek 109.000 euro jasoko dituzte BFAren enpresak abian jartzeko eta sortzeko laguntzak programaren baitan. Horrez gain, aholkularitza jaso duten ekintzaileak beste programa batzuetako diru-laguntzak jasotzeko kudeaketa lanak egiten ari da Behargintza eta horien bidez ekintzaileen artean beste 155.000 euro inguru banatzea aurreikusten da.

Ikastaro berria

Bestalde, enpresa abian jartzeko asmoa dutenei zuzenduta, Bermeoaldeko Behargintzak Bizkaiko Foru Aldundiak homologatutako ikastaroa eskainiko du otsailaren 18tik 22ra. Horretan honako gaiak landuko dira: ideiaren analisia eta balorazioa, negozio eredu desberdinak, izaera juridikoak, eraketa eta hastapen izapideak, Marketing tresnak, ekonomia eta finantza plana, zergak eta likidazioa, inbertsioen finantzaketa, diru-laguntzak, enpresaren gizarte-erantzukizuna eta teknologia berrien erabilera.

Ikastaroa Bermeoko Behargintzan izango da eta informazioa jasotzeko edota izena eman nahi duten pertsonek Bermeoaldeko Behargintzan (Zubiaur tar Kepa 26-28, 1; telef. 96 617 9190) egin ahal izango dute.