Beste behin ere, DEIA Laboral Kutxa Hemendik Sarien bidez eskualdeko erakunde, elkarte eta pertsonen ekarpena eta lana omenduko da. Horien artean, 17. edizioan Amorebieta-Etxanoko Karmengo Ama Ikastetxearen ibilbide luze eta oparoa aitortuko da, baita gazteen artean pantailen erabilera okerra hobetzeko Digital Unplug proiektu berritzailea ere.
Datorren asteazkenean Berrizko Kultur Etxean egingo den sari-banaketan ikastetxe zornotzarraren ibilbide luze eta oparoa balioan jarriko da. Izan ere, Karmeldarren titularitatepean 75 urtez hezten ari den Karmengo Ama Ikastetxea Itunpeko Ikastetxeen sarea dan Kristau Eskolaren parte da eta gizatiarra, soziala eta pertsonagintzan oinarria duen hezkuntza estiloa eskaintzen du.
Hezkuntza kalitatea, giza hurbiltasuna lelopean, Karmengo Ama Ikastetxeak, 0 eta 16 urte bitarteko pertsonak zaindu eta hezten ditu; zaintzaren, kalitatearen eta berrikuntzaren pedagogian oinarritutako hezkuntza proiektu batean. Euskal Herriko hizkuntza eta kultura bizi eta zabaltzea ardatz izanik “ikasketa kooperatiboa eta boluntariotza ere lantzen ditugu. Beti familia kutsu hori babestu nahi dugu, beti esan dugu familia bat garela”, azaldu du Itxaso Iriondo ikastetxeko zuzendariak.
“Duela 75 urte komunidadeko monja batzuk iritsi ziren hona proiektu bat martxan jartzera eta proiektua aldatzen joan da herriaren beharrak aldatu diren heinean. Hasieran lanbide heziketako zentroa, gero haur hezkuntzako umeentzat ireki zen eta pixkanaka aldatzen joan da. Orain dela 30 urte herrian haurtzaindegiaren beharra zegoela antzeman zen eta hemen zabaldu zen”, gogoratu du Iriondok.
“Sari hau ordutik egindako lanaren errekonozimendua da, eta komunitateko monjek ere oso pozik hartu dute berria. Harreman oso estua dugu haiekin eta guretzat oso garrantzitsuak dira”, gehitu du.
Urte hauetan guztietan belaunaldi asko pasatu dira ikastetxetik eta zentzu horretan, urteurrenaren ospakizunei begira lehenengo ekimena hilaren 27an egingo den mendi martxa bat izango da. Eskolatik hasi eta Belatxikieta ingurura hurbiltzeko ideia dute eta eskolara bueltatzean hamaiketako berezi bat egingo dute. Momentuz 300 bat pertsona batuko gara, adin guztietakoak: ume txikiak, gurasoak, irakasleak, irakasle ohiak…
Bestalde, martxoan argitaratuko den bideo grabaketa bat ere prestatzen ari dira eta, apirilean, antzinako argazkien bilketarekin erakusketa bat egitea aurreikusten dute. Eta nola ez, familia batu baten moduan ere herri bazkariak bere hitzordua izango du ikasturte berezi honetan.
PANTAILEN ERABILERA
Hezkuntza sistemaren digitalizazio prozesuan, pantailekin hezteko eta mendekotasunik ez sortzeko erronka oso presente dago Karmengo Ama Ikastetxean, baita LEINNeko (Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza graduko) bi ikasle gazteren pentsamendu kritiko eta ekintzailean: Durangoko Millan Oregi eta Zumarragako Anne Pascual. Biek, Digital Unplug izeneko proiektuari esker, esperientzia berritzaile bat bultzatu dute txakur terapeutikoekin, 10-14 urteko gazteen artean teknologiaren erabilera okerra hobetzeko. “2023ko apirilean hasi ginen ikusten genuelako arazo sistematiko bat zegoela kalean edo gizartean oro har pantailen inguruan, eta zer egin genezakeen. Ikerketa prozesu bat abiarazi genuen eta ikusi genuen tailerren bidez hausnarketa bat sor zitekeela. Tailer batzuekin hasi ginen Gasteizko Olabide ikastetxean, eta orain kontratu gehiago itxi ditugu”, adierazi du 19 urteko durangarrak.
“Nahi duguna da gazteek lehen pertsonan senti dezatela nola sentitzen diren, adibidez, pantailekin bakarrik daudenean etxean eta, aldiz, txakurrekin nola sentitzen diren edo taldekideekin dinamikak egiten ari direnean, eta hor hausnarketa bat sortzea. Ikusi genuen natura eta kasu honetan txakurrek eta aurrez aurreko harremanek pantailen arazoei irtenbide posible bat eman zietela, eta hortik sortu ziren dinamikak”, laburbildu du gazte ekintzaileak.