ZIN izan zuten iragan den maiatzaren 24ean aldez aurretik programatu zuten jaialdia ospatzea. Ezin izan ziren Gernika-Lumoko kaleetan presente izan. Koronabirusak ekarritako itxialdiak eta osasuna bermatzeko ezarritako neurri zorrotzek euren planak zapuztu zituzten. Baina Batera Gara egitasmoaren deialdiak ehunka gernikar erakarri zituen, elkartasun uholdea sortuz. “Kaleko txoko guztietan” ekimenaren kolore bilakatu den laranja kolorea “ikusten zen”, ziotenez. Fibrosi kistikoa pairatzen duten haurren sostengua bilatzen zuen egitasmoak arrakasta lortu zuen, eta antolatzaileak pozik azaldu ziren, datorren urtera begira jarriz.

Batera Gara ekimenaren antolatzaileok, ez dakigu zer eta nola azaldu momentu honetan sentitzen duguna. Gauza bakarra bai esan dezakegu: eskerrik asko!”, zioten ekimena pasa eta egun gutxira. Izan ere, covid-19ak sortutako egoera honen aurrean, “ez genekien nola bideratu gure jaialdia. Buelta asko eman genion eta azkenean erabaki genuen bertan behera uztea. Baina gure lan guztia ezin genuen hor utzi; batik bat gure lanaren atzean, pertsonak daudelako: Fibrosi kistikoa pairatzen duten haurrak”, Facebookeko kontuak adierazi zutenez. Eta laburbildutakoaren arabera, emaitza oparoa izan da. “Gernika-Lumoko eta ondoko herrietako kaleak laranja kolorez tintatzeko proposamena luzatu genizuen. Emaitza? Ez dugu holako emaitzarik espero izan”.

Sare sozialetan ere, hainbat izan ziren jasotako argazkiak eta mezuak. “Goizetik gauera argazkiak jasotzen ibili ginen eta segidan publikatu genituen Facebook eta Instagram kontuetan. Mezuak ere iristen ibili ziren gelditu gabe. Beste batzuek, gure boluntario lanarengaitik ere zoriondu gintuzten”. Hala, antolatzailek pozik agertu dira, izan ere “ordu eta esfortzu askoren truke, hau ikusteak zirrara” sortu zuelako. Batez ere, ekimenean parte hartu zutenek “gaixotasun hau sufritzen duten haurrei bizi kalitatea hobetzen” aritu zirela gogoratu zuten. Hori dela eta, datorren urtera begira jarri dira. “Ildo berdinetik jarraituko dugu, kolore, logo eta izen berberarekin. Espero dugu datorren urtean egin ahal izatea”.

Batera Gara ekimeneko arduradunek “gusto handiz” jaso zuten DEIA Hemendikek emandako saria. Bideo bereziak ere prestatu zituzten, “saltsa eta giro apur bat emateko”, koronabirusak eragindako egoera “gogorarren ostean, ikusita jaialdiaren ia guzti-guztia antolatuta genuela”. Hala ere, gordeta zituzten kamiseta guztiak agortzea lortu zuten, nahiz eta aldez aurtetik euren dudak zituztela argitu zuten. “Izugarria izan da jendeak nola lagundu gaituen egitasmo honetan”, azaldu zutenez. Bada, “datorren urterako lanetan hasiak” dira, nahiz eta oraindik ez duten xehetasunik azaldu. 2021ean 8.000 kamiseta inguru plazaratzea espero dute.