Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera arintzeko LABIk abenduaren 28ko bileran onartutako murrizketak iraun bitartean mantenduko ditu doan Sestaoko Udalak udalerriko ostalaritza-establezumenduen terrazak.

Ainhoa Basabe alkateak adierazi duenez, “Udalak sektore garrantzitsu horri laguntzen jarraitu nahi du, bere jardueran normaltasuna berreskuratu eta edukieretan eta ordutegietan mugarik gabe lan egin ahal izango duen arte”

Gaixotasunak azken hilabeteetan izan duen bilakaera ona kontuan hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak ostalaritzako gremioari eragiten zioten murrizketa guztiak bertan behera utzi zituela ikusita, Eguberrietako jaien ondoren, aurreikusita zegoen pandemian ostalaritza-sektoreari laguntzeko Udalak hartutako neurrietako bi amaitzea.

Lehenengoa terraza edo mahaitxo batekin bide publikoa okupatzeagatiko tasa doakoa izatea izan da. Bigarren neurria izan da establezimenduei terraza handitzeko aukera eskaintzea, horretarako leku nahikoa zegoen lekuetan, esleituta zituzten baino bi mahai gehiago jarriz; edo terraza txiki bat jartzeko bidea ematea halakorik ez zuten negozioei.

Hala ere, seigarren olatua geldiarazteko joan den astean LABIk hartutako azken erabakiek, ostalaritzaren kasuan, barran kontsumitzea debekatu, lokalen barruko gehienezko edukiera % 60ra murriztu eta establezimenduak goizaldeko ordu batean ixteko agintzen dutela kontuan hartuta, Udalak lehen azaldutako salbuespenezko neurriak luzatzea erabaki du, muga berriek indarra galdu arte.

Horretarako, gobernu-taldeak puntu bat helaraziko dio Osoko Bilkurari, onar dezan ostalaritzako lokalak salbuestea bide publikoa okupatzeagatiko tasa ordaintzetik. Terrazan soberako mahaiak mantendu ahal izateko, berriz, ez da inolako akordiorik hartu beharko.

Bide publikoa okupatzeagatiko tasa dagoeneko ordaindu duten establezimenduei neurri horiek indarrean jarraitzen duten egunei dagokien diruaren zati proportzionala itzuliko zaie.