Barakaldoko Udalak Gabonzahar gauean ohikoa den pirotekniaren erabilera saihestea eskatu egin die herritarrei, urtero bezala.

"Errotutako ohitura bat da gure herrialdean, baina eragozpenak eta kalteak eragiten ditu pertsona eta animaliengan", gogorarazi du Alba Delgado Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko arloko zinegotzi ordezkariak.

Delgadok azaldu duenez, kalte fisikoak eragiteaz gain, "zaratek negatiboki eragiten dute etxeko animaliengan eta gizakiengan, batez ere, adineko pertsonengan edo nahasmendu desberdinak pairatzen dituztenengan, adibidez, autismoa; baina baita haurrengan ere".

Beldurra, estresa, palpitazioak, takikardia, infartuak... Suziri eta petardoek eragiten dituzten gaitzen zerrenda luzea da. Gabonetan ere ohikoa da lehergailuen manipulazioagatik kaltetutako pertsonak egotea; horietako asko kasualitatez leherketatik gertu egoteagatik.

"Txakur eta katuen kasuan, beren entzumen-sentikortasun handia dela eta, antsietatea eta beldurra sentitzen dute soinutik ihes egin ezin dezaketenean. Gogoratu beharra dago 60 kHz-ra arte entzuten dutela, gizakiek baino hiru aldiz gehiago. Gainera, ez dakite zergatik ari den sortzen zarata jasanezin hori eta oso txarto pasatzen dute", azaldu du Alba Delgadok.

"Barakaldarrak geroz eta errespetutsuagoak izan daitezela eta pirotekniak bereziki zaurgarriak diren kolektiboengan eragiten dituen kalteetan pentsa dezatela gustatuko litzaidake. Ohiturak ez daude osasunaren gainetik", azpimarratu du Alba Delgadok.

Barakaldoko Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko Arloak pirotekniaren erabilera masiboaren harira azaldu duen ardura ez da gauza berria. Gogorarazi beharra dago 2019aren amaieran zinegotzigoak `Tápate las orejas solo por el frío' (Hotzarengatik bakarrik estali belarriak) kanpaina sustatu zuela. Mezu horrekin eta suzirien zarata pairatzen ari diren haur bat, adineko pertsona bat eta txakur bar irudikatzen zituzten binetekin osaturiko kartel deigarri baten bidez, barakaldarrek piroteknia gehiegi ez erabiltzeko beharra ulertu zezatela bilatzen zen. Era berean, belarri-babesak oparitu ziren modu sinbolikoan. Iaz, berriro azpimarratu zen publikoki beharrezkoa zela Gabonetan pirotekniaren erabilera saihestea.

ESPAINIAKO GOBERNUAREN GOMENDIOAK

Horrez gain, Espainiako Gobernuko Animalien Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak pirotekniaren erabilerari buruz egun horietarako emandako gomendioen berri eman nahi du:

  • Zure txakur eta katuaren ondoan egon beldurtuta dagoenean
  • Haginkari edo jostailuren bat eman antsietatea baretzeko
  • Medikazioa emateko aukera baloratu, albaitari baten ikuskapenarekin
  • Etxean bakarrik uzten baduzu, ez lotu eta ez itxi leku txiki batean. Musika edo entzumen-hesiak jartzeak lagundu egin dezake
  • Itxi ondo ateak eta leihoak, ihes egin ez dezan eta ez dadin galdu. Nahastuta dagoen animalia batek kontrola gal dezake eta bere kokapena galdu dezake
  • Zarata handia badago, deitu Poliziari. Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko 4/2015 Lege Organikoak arau-hauste oso larritzat jotzen du artikulu piroteknikoak erabiltzea, aplikatu beharreko araudia bete gabe edo baimendutako mugak gaindituta.