Barakaldoko Udalak 600.000 euro bideratuko ditu Auzoetarako Partaidetzazko Aurrekontuetara. Datorren astetik aurrera, barakaldarrek euren proposamenak egin ahal izango dituzte. Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Alkatetzako zinegotzi Gorka Zubiaurrek ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte astearte honetan goizean.

2,2 milioi dauzkate Partaidetzazko Aurrekontuek bi urtean behin. Lehenengo prozesuan, ordea, 1,6 milioi izan ziren; beraz, oraingoan, 600.000 euro dauzka Udalak herritarrek aurkeztu eta aukeratutako egitasmoak gauzatzeko.

"Koronabirusak eraman gaitu Partaidetzazko Aurrekontuak egokitzera, prozesua bitan banatuz, zati orokorrago bat, herritarrei pandemiaren ondorioak gainditzen laguntzeko, eta beste bat, berriz, auzoak ardatz dituena, hain zuzen ere, orain abian jarriko duguna", azaldu du alkateak.

Oraingoan, auzoa hobetu edo mantentzea xede duten jarduketak aurkez ditzatela eskatuko zaie auzotarrei. Proposamenek, ordea, ezingo dute 48.000 euroko kopurua gainditu, eta ezingo dira ere udal arloek dagoeneko planifikatutakoen artean egon.

Baldintza horiek betetzen dituzte, esate batera, haur parkeak, berdeguneak eta kale-espaloiak berritu edo egiteko proiektuek, semaforoak jartzekoek, kaleak mutxardatzekoek, aparkatzeko tokiak sortzeko lekuak berritzekoek eta abar.

"Nik beti esan dut, inork ez dituela auzoak bertan bizi direnek baino hobeto ezagutzen. Horregatik uste dut herritarrek parte hartzeko prozesu berri hau aukera ederra izango dutela beren auzoak hobetzen lagundu dezaketen proiektuak guri jakinarazteko", azpimarratu du alkateak, bide batez, barakaldarrei parte har dezatela eskatuz.

NOLA AURKEZTU PROPOSAMENAK

12 auzotan banatu da hiria, partaidetzazko prozesua bideratzeko: Erdigunea-Arrontegi; Beurko-Bagatza; Lasesarre - Desertu-Urban; San Bizente; Zuhatzu-Arteagabeitia; Retuerto; Errekatxo-Gorostitza; Gurutzeta; Lutxana; Llano; Burtzeña eta Kastrexana..

Aste honetan, Partaidetzazko Aurrekontuei buruzko informazioa helaraziko da postontzietara, bai eta proposamenak eta parte-hartze prozesua azaltzeko orri bat ere. "Barakaldarrek gero eta hobeto egiten dute, eta oso proposamen onak eta ondo taxutuak planteatzen dituzte. Oraingoan, formulario bakoitzeko proposamen bakarra egin dezatela eta proposatutakoa ahalik eta zehatzena izan dadila eskatuko diegu, teknikariek errazago aztertu eta balioetsi dezaten", adierazi du Zubiaurrek "Auzotarren batek proposamen bat baino gehiago egin nahiko balu, formulario gehiago eskura ditzake kultur etxeetan, edota egoitza elektronikoko udal webgunearen bitartez parte hartu", adierazi du.

Irailaren 24tik urriaren 8ra arte aurkez daitezke proposamenak. Hiriko leku hauetan dauden postontzietan utzi ahal izango dira paperean betetako formularioak: udaletxean, Gurutzeta, Clara Campoamor, Retuerto eta Zuhatzuko kultur etxeetan, Burtzeña, Lutxana eta Kastrexanako plazetan, Lasesarreko kiroldegian eta Errekatxoko HIIZen. Horrez gainera, adinekoentzako udal zentroetan ere jarriko dira postontziak.

Telematikoki ere aurkez daitezke proposamenak webgunearen bidez eta BarakaldoApp-en bidez, doan deskargatuta.