Barakaldoko Udaleko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa saileko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok ezagutarazi egin ditu Sefanitroko lanen berrikuntzak. Besteak beste, bi zubilbide berri eraikiko dira autobideko Barakaldorako irteera Arrontegi zubitik hobetzeko, eta Lutxana eta hirigune barakaldarraren arteko oinezkoentzako lotura egiteko baita ere.

"Bi adarrok eraikiz lortuko dugu autobideko irteera seguruagoa izatea eta oinezkoentzako lekua, zabalagoa. Gaur egun dagoen espaloia 2013an eraiki zen, orain itxita dauden tuneletatik igaro beharra saihesteko. Planean, oinezkoek leku zabalagoa izango dute etorkizuneko Sefanitroko eremutik La Florida eta Lurkitzaga kaleetara. Horrela, Lutxana eta hiriguneko lotura eta dezente narriatua dagoen Lurkitzagako dorretxeko ingurua hobetuko ditugu.

Jarduketaren karietara, beste leku batera eraman beharko da Garbigunea, baina oraindik ez du erabaki Aldundiak nora. `Puntu garbiak' hartzen duen lurzorua ere oinezkoentzako eta berdeguneetarako izango da.

Hasieran planean barne-sartuta ez zeuden beste hobekuntza batzuk dira Lutxana eta Desertu-Urban arteko oinezkoentzako lotura espaloi baten bidez; Olaetxea apezpikuaren kalea berrurbanizatzea, zirkulatzeko lau errai izan ditzan; Artzain Onaren kalea eta itsasadarreko errepidea lotzeko ingurabide berria eta, azkenik, Artzain Ona eta Olaetxea apezpikua kaleen lotuneko oinezkoentzako espazioa hobetzea.

Gogoratu, bestalde, Pizarroren Arloak sustatutako planak Tun-Tun mendiaren paisaia berreskuratzea aurreikusten duela 71.000 metro baino gehiagoko parke bihurtzeko, hiriak beste `birika berde bat' izan dezan eta Itsasadarraren Eskuinaldetik Barakaldorako ate nagusia edertzeko. Planaren barruan dago Sefanitroko zama-tokia berreskuratzeko jarduketa, Eusko Jaurlaritzak hasia baitu Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Orokorrean sartzeko espedientea, eta ekipamendu publikoetarako alde bat ere, auzoa gizarte-kultur, kirol eta herritarrentzako arretarako administrazio zerbitzuz hornitzeko.

Joan den apirilaren 27an onartu zuen Plangintzako Aholku Batzordeak Sefanitroko eremurako plana. Ostegun honetan aztertuko du Informazio Batzordeak azken berrikuntzak biltzen dituen proiektua, eta datorren astean Udalbatzak ezohiko bilkura batean onartzea da Pizarroren asmoa.

HIRIA ERALDATZEN JARRAITZEA

Juan Antonio Pizarrok azpimarratu duenez, hirigintza-operazio honek Barakaldok 1999an onartu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari esker jasaten ari den hiri-eraldaketarekin jarraitzea ahalbidetuko du; zehazki, Lutxanaren erabateko berrikuntza eta hiriarekin duen lotura behin betiko bultzatzea ekarriko du. "Sefanitroko fabrika zaharra hesi bat zen auzo honen eta Barakaldoko gainerakoaren artean. Gure hiriko hiri-egitura hausten zuen. Eremu hori berreskuratzeak Barakaldoko hiri-antolaketa eta Lutxanarekin komunikazio hobea izatea ahalbidetuko du ", adierazi du zinegotziak.

Sefanitroren planak beste 2.000 zuhaitz eta 1.300 etxebizitza berri biltzen ditu, babes ofizialeko 700 etxebizitza inguru izango dituen bizitegi-parke bat osatzeko.

Estalitako kirol-eremuan rokodromoa, gimnasioa eta bi igerileku daude. Eremu soziokulturalean, ekitaldi-areto bat, ikasketa eta bilera gelak, tailerretarako gelak, familia-liburutegi bat eta gazteentzako beste gune bat daude aurreikusita. Zentro zibikoko eremu komunetan, hall bat, bilera-kafetegiko gela eta aldagelak daude. Eta administrazioaren zatian, herritarrentzako arreta bulego bat, informaziorako beste bulego bat eta bulegoak egin nahi dira.

Era berean, aire zabaleko kirol-erabilerako hornidura azalera bat ezartzen da, bi futbol-zelairen kokapena lehenetsiz: bata, futbol 11koa, ikusle-tribuna txiki batekin, eta bestea, minia.