Indarkeria jasan duten emakumeei laguntzeko ekimen berri bat jarriko du martxan Barakaldoko Udalak. Irailaren 15etik aurrera, emakume horiek gida-txakurren laguntza izango dute. Barakaldoko alkate Amaia del Campok ekimen berri hau aurkeztu egin du ostiral honetan.

Emakume Arloko Rakel Olallarekin batera, eta egitasmoa Clara Campoamor elkarteko buru Blanca Estrella Ruizek taxutu duela gogoratu dute. "Blanca Estrellak programaren berri eman bezain laster hasi ginen lanean, gure helburua indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta hura amaitzeko tresnak gehitzea baita, bai eta erasoa jasan dutenei ahalik eta laguntzarik handiena ematea ere. Konpromiso hori genuen hartua 2019tik herritarrekin, eta gaur errealitate bihurtu dugula iragar dezakegu", adierazi du Del Campok.

Erasoei aurrea hartzea da gida-zakurren programaren baliorik behinena. Eta horretarako, laborari motako arraza zakurrak eskainiko zaizkie programan parte hartzen duten emakumeei. "Adierazi digutenaren arabera, trebatutako zakurrekin harremana izateak ez ditu soilik babes edo segurtasun alderdiak hobetzea lortzen, baizik eta on egiten die beste hainbat alorrei ere, hala nola, autoestimuari, konfiantzari, gizarte-harremanei eta erabakiak kontrolatu eta hartzeari. Horrez gainera, indarkeria matxista egoerak bizitu izanak eragindako estresa apaltzen du eta lagun-sare berria sortzen laguntzen du", azaldu du Del Campok.

15.000 euro inbertitu dira programa-pilotu honetan, eta horrela jakingo dugu zer irizten dioten egoera hori bizi duten emakumeek. 3 emakumerekin emango zaio hasiera programari, eta urtebetez egingo dute proba. "Proiektuaren onurak ezagutuko ditugu haien esperientziaren bitartez, bai eta proiektua behin betirako finkatzea merezi duen ere".

Dagoeneko zerbitzu berriaren erabiltzaile izan daitezkeen emakumeak aukeratzeko zereginetan dihardute Emakume Arloko langileek, proiektuaren parte izateko beharkizunak betetzen dituztela egiaztatzeko. Hauek dira bete behar dituzten beharkizunak: indarkeria matxistagatiko kondena-epaia izatea edo Gizarte Zerbitzuek hala aitortu izana, eta proiektua hastean urruntze-agindu bat indarrean izatea.