Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitarioa dela eta, Sestaoko Udalak bertan behera utzi behar izano ditu jaiak bigarren urtez jarraian. Hala ere, egun berezi horiek ospatzeko segurtasun neurri guztiak betetzen dituen programa alternatibo bat aurkeztu egin du, sanpedroak egin behar ziren egun berdinetan garatuko dena.

Eduardo Abad Kulturako zinegotziak gaur aurkeztu du egitarau berezi hori ekainaren 23tik 29ra bitarterako. Helburua da udalerria dinamizatzea eta egungo inguruabarretan sanpedroen sugarra bizi mantentzea.

Zinegotziak azaldu duen bezala, egitarauak doako hamabost bat jarduera ditu. Kasko plazan egingo dira, edukiera mugatuarekin eta osasun-neurriak beteta, besteak beste, musukoa erabilita eta segurtasun-distantzia mantenduta.

“Egindako egitarauak musika-emanaldiak eta kaleko antzezlana ditu, baina betiere lehentasuna emango zaio osasun publikoari. Espero dugu jarduerak gustuko izatea, jendeak parte hartzea eta egun horietan udalerrian giro apur bat sortzea. Dena den, ezingo da gure herri-jaiekin alderatu, baina gutxienez pixkana normaltasuna berreskuratzearen ilusioa mantenduko dugu”, erantsi du.

Jardueren egitarau berezia ekainaren 23an (asteazkena) hasiko da Trokolo pailazoaren “In concert” haurrentzako ikuskizunarekin. Ondoren, Paddam talde donostiarrak Raphael abeslariaren kontzertu tributua emango du.

Hurrengo egunean, ekainaren 24an (osteguna), haurrentzako antzezlana antolatu da zirkoan girotuta. Horretan, Zirika Zirkus taldeak “Hemendikara” ikuskizuna aurkeztuko du, eta atzetik Golden Apple Quarteten kontzertua etorriko da.

Ekainaren 25ean (ostirala) piratetan oinarritutako haurrentzako antzezlana, “Piraten istorio bat” izenburupekoa, ikusiko da Erre Produkzioak konpainiaren eskutik. Gero, “Un paseo por Italia” harizko laukotearen kontzertua iritsiko da, Italiako herri-abestiak eta soinu-bandak interpretatzeko.

Ekainaren 26an (larunbata) antzezlan berria programatu da, baina oraingoan jende ororentzat, Markeliñe konpainiarekin. “Chef Nature” antzezlana aurkeztuko du. Amaitutakoa, “Pan con Chile” taldeak boleroen, rantxeren eta musika kubatarraren emanaldia izango du. Horrez gain, Salleko dantza taldeak Begoñako Andra Mari ikastetxean usadiozko folklore-jaialdia antolatuko du, eta honako hauek parte hartuko dute: Olaeta Ballets Elkarteak (Bilbo), Oldarra Ballets Basquesek (Biarritz) eta Salleko Dantza eta Txistu Taldeak.

Ekainaren 27rako (igandea) beste antzezlan bat antolatu da jende ororentzat Hortzmuga konpainiarekin. “Al final del camino” ikuskizuna aurkeztuko du eta, ondoren, Los 5 Bilbaínos taldearekin bilbainaden kontzertua etorriko da.

Ekainaren 28an (astelehena) Pedro III magoa izango dugu gure artean familian magia ikuskizunaz gozatzeko. “Las apariencias enMAGIAn” emankizuna plazaratuko du. Gainera, Mielotxin taldeak folk-kontzertu euskalduna emango du.

Azkenik, ekainaren 29an (San Pedro eguna) egitarauari amaiera bikaina emango zaio jende ororentzako antzezlanarekin. Trapu Zaharra konpainiak “Turisteando” lana aurkeztuko du. Amaitzeko, Los Tenampasekin mariatxien kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu.