BARAKALDO. Bilbo eta Barakaldo lotuko dituen bidegorri berri bat eraikitzea aztertzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Bertan, Burtzeñan, izan dira ostiral honetan, maiatzak 21, Barakaldoko alkate Amaia del Campo eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatu Imanol Pradales.

Duela aste batzuk, diputatuak iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundia teknikoki aztertzen ari dela bi udalerriak lotuko dituen eta ezkerraldeko bizikleta-sarea osatuko duen bizikleta-bide baten aukera. Konexio-aukerak bertatik bertara ikusteko, gaur goizean auzotik ibili da alkatearekin batera. Alkateak Barakaldo eta Bilbo bizikletentzako bide seguru batekin lotzeko barakaldarrek egindako eskaerak helarazi dizkio.

"Aldundia alternatiba hori aztertzen ari da; barakaldarrentzat Bilborekin lotura naturala da, eta gure hirian bizikletaz gozatzen duten herritarren eskaera historikoari erantzungo lioke. Era berean, Bidegorriren bidez hiriburuarekin zein Eskuinaldearekin konektatuta egoteko behin betiko bultzada izango litzateke, Aldundiak itsasadarraren gainean sortuko duen zubiaren proiektuari esker. Bi proiektu horiek mugikortasun iraunkorraren epizentro bihurtuko lukete gure hiria, hiria itsasadarraren bi aldeetako herriekin lotuz ", adierazi du alkateak.

Gaur egun, Barakaldok bere bidegorri guztiak elkarrekin lotuta ditu, baina Bilboraino ezin da zuzenean iritsi oraindik. Bizkaiko Foru Aldundiak aztertzen duen irtenbidea Burtzeñan garatzen da, Udalak iaz onartutako El Calero proiektuari esker hirigintza berroneratze bidean dagoen auzoan. Proiektuak aurreikusten du berdeguneen 20.000 metro koadro baino gehiago eta aire zabaleko kirol ekipamenduen 7.000 metro koadro sortzea, baita 550 etxebizitza inguru eraikitzea ere; horietatik ia erdiak babes ofizialekoak eta tokiko babesekoak izango dira.

MUGOKORTASUN IRAUNKORRAREN ALDE

"Proiektu honen bidez eta Lutxanan garatzen ari den prozesuaren bidez, Barakaldo bigarren hiri-eraldaketa handiari aurre egiten ari da. Eraldaketa handi horretan, zalantzarik gabe, mugikortasun iraunkorraren faktorea ezin da falta, bai berdegune berriak sortuz, bai bidegorri bat abian jarriz, barakaldarrei beharrezko tresnak eskainiko dizkiena gure hiriko bizitzan ohitura osasungarriak eta jasangarriak txertatzeko ", adierazi du alkateak.

Imanol Pradalesek adierazi duenez, "Bilboko eta Barakaldoko bizikleta konexioaren azterketa teknikoa Foru Aldundiak mugikortasun jasangarria bultzatzearen baitan kokatzen da. Azterketa tekniko hori amaitutakoan, ondorioak atera ahal izango ditugu, ezkerraldeko bizikleta-sarea osatzeko urratsak emateko. "

Aldundia mugikortasun iraunkorra sustatzen ari da Bizkaiko herritarren artean, hainbat esparrutan jardunez eta azpiegitura seguru eta ondo konektatutako berriak gauzatuz. Horien artean, nabarmentzekoa da Zornotza eta Iurreta arteko bizikleta-pista (2023an jarriko da martxan) eta Bilbo eta Getxo arteko itsasadarreko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko oinezkoen bizikleta-zubia (2024an amaituko dira).