BARAKALDO. Maiatzaren 22an ospatuko den Ekinaren Eguna dela eta, Muskizko hondartzaren garbiketan parte hartzeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteen bila dabil Barakaldoko Udala. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak sustatutako Azterkosta programaren barruan antolatuko da.

Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ingurumen-boluntariotzako jarduera bat egingo da oraingoan: mikroplastikoak bilatu, bahetu eta bilduko dira Muskizko La Arena hondartzan, Giltzarriko hezitzaileek eta Azterkosta programak lagunduta.

Mikroplastikoak bilatzeko egingo den harea bahetzeko jarduera horrek helburu bikoitza du: hondartza garbitzea eta, batez ere, herritarrak modu jasangarriagoan bizitzeko beharraz kontzientziatzea, eta horretarako, gainerako izaki bizidunentzat arriskutsuak diren materialak ez erabiltzea eta gure hondakinak behar bezala kudeatzea.

"Ez da Barakaldok ingurumen boluntariotzako ekintzetan parte hartzen duen lehenengo aldia. Aurreko urteetan Aretako hondartzan eta Castaños ibaiaren ibilguetan bildu zituzten hondakinak. Giltzarri udal plataformako Haize Errota Martxan gazte taldea arduratzen da Barakaldoko beste gazte batzuk ingurumena eta jasangarritasuna zaintzearen garrantziaz kitzikatzeaz eta animatzeaz, eta, besteak beste, azken urteotan ingurumen-boluntariotzako, baliabideen kontsumoari buruzko sentsibilizazioko eta jasangarritasunerako hezkuntzako jarduerak sustatu ditu", azpimarratu du Jonathan Martín Gazteria zinegotziak.

Maiatzaren 22ko jardueran parte hartu nahi dutenek posta elektronikoz eskatu beharko dute giltzarri@barakaldo.eus helbidean, maiatzaren 10etik 14ra bitartean. Toki-kopurua mugatua denez, eskabideak izen-emate ordenaren arabera onartuko dira.

"Gure planeta eta hiria zaintzea da aurrean dugun erronka handienetako bat. Zorionez, helburu horrekin konpromiso handia duen gazteria dugu, eta horregatik, ekimen honetan parte hartzera animatu nahi zaituztet, Barakaldo eta Ezkerraldea jasangarriagoak izan daitezen", azpimarratu du.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hots egin Giltzarrira (944789597/688.809.897). Dokumentazio osagarria eta baimen-orria webgunean deskarga daitezke.