BARAKALDO. Barakaldoko Udalak gazteen alokairuak ordaintzeko dirulaguntzak handituko ditu. Hori iragarri du gaur goizean Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok.

"Laguntzak gainjarri izanak eragina izan du udal dirulaguntzetan; izan ere, azken deialdian ia 70.000 euro geratu baitziren gastatu gabe. " Aldi berean, ez du bi erakundeetako batek ere hartzen gazteen sektore bat, eta horregatik ikusi dugu laguntzetan aldaketak sartzeko aukera, gazte gehiago hartu ahal izateko. Horrela, Barakaldoko gazte gehiagoren emantzipazioa bultzatuko dugu", azaldu du Pizarrok.

Bi zentzutan bultzatu du zinegotziak laguntza horiek arautzen dituen ordenantza aldatzea. Alde batetik, 38 urtera arteko auzotarrentzako laguntzak zabalduko dira, egungo 35 urteen ordez. Bestalde, eskatzaileen diru-sarreren gehieneko muga 5.000 euro igoko da, eta, urtean, 30.000 euro gordinera iritsiko da, kide bakar batek osatzen badu bizikidetza-unitatea, eta 40.000 euro gordinera, berriz, bi kidek edo gehiagok osatzen badute.

Gaur goizean eman zaie udal talde politikoei ekimen horren berri bilera telematiko batean. Arloak 15 egun balioduneko epea ireki du zuzenketak aurkezteko, eta, ondoren, Informazio Batzordean onartu beharko da lehenik neurria, eta, gero, udalbatzan. "Asmoa da 2021eko deialdian berrikuntza horiek jasota egotea", adierazi du Juan Antonio Pizarrok.

Gogoratu beharra dago, Alderdi Sozialistak 2017ko oposiziotik bultzatu zituela gazteen emantzipaziorako laguntzak, Udal Aurrekontuei egindako zuzenketa batez. Zuzenketa horrek partida ekonomiko bat eta laguntzak arautzen dituen ordenantzaren beraren proposamena biltzen zituen. Laguntza horiek indarrean jarri zirenean, antzeko beste programa bat (Gaztelagun) sortzeko izapideak egiten ari zen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila. Programa hori, gaur egun, indarrean dago, eta biztanleriaren profil berari zuzenduta dago: 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, hain zuzen ere.

"Argi utzi beharra dago, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren laguntza horiek diru-sarrerak dituzten gazteei zuzenduta badaude ere, askotan zailtasunak izaten dituztela gastu guztiei aurre egiteko. Diru-sarrera gutxi dituztenek, ordea, gizarte-laguntzak jasotzen dituzte. Alokairuaren kasuan, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) jasotzeko eskubidea dute ", adierazi du Pizarrok.

200 BAT FAMILIA ONURADUN

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren datuen arabera, Gaztelagun programan Barakaldoko bizikidetza-unitateek aurkeztutako 136 eskaera daude emanda edo aztertze-bidean. Guztira, 123.000 euro dira. Udalaren Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloak emandako laguntzen kasuan, 2020ko ekitaldian emandako 69 laguntza-eskaerek 93.777,18 euro egiten dute. Dirulaguntza horiei 150.000 euroko aurrekontua esleitu zitzaien.

Juan Antonio Pizarrok, bide batez, Eretza udal hirigintza-sozietatea Barakaldoko gazteei egiten ari den aholkularitza-lanaren balioa nabarmendu nahi izan du; izan ere, sozietate horren lana bultzatzen jarraitu nahi baitu datozen hilabeteetan erakundearen presidentetzatik.