BARAKALDO. Barakaldoko Udaltzaingoak zaintza areagotuko du hurrengo egunetan Gurutzeta auzoan, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotzi Angel Madrazok adierazi duenez. Horren ondorioz, patruila gehiago ibiliko dira Gurutzetan, bertako bizilagunek molestiarik jasan ez dezaten.

"Azken aldi honetan, gizalegearen aurkako talde-egintzak gertatzen ari zirelako abisua eman ziguten bertako auzoek, zarata eta altzari publiko eta alde berdeei eragindako kalteetatik hasi, eta zabor eta botiloiek eragindako zikinkeriarekin bukatzerainoko egintzak; hori ikusita, inguru hartan zaintza-lanak ugaritzea erabaki genuen", adierazi du Madrazok.

Asteburu honetan bertan, Udaltzaingoaren ekintzari esker, dozenaka gaztek salaketak jaso dituzte hainbat arrazoirengatik, horietako batzuk, Eusko Jaurlaritzak covid-19ren kutsadura saihesteko ezarritako osasun neurriak bete ez dituztelako.

"Lau lagunetik gorako talde bat baino gehiago aurkitu zituzten agenteek, batzuk musukorik gabe, edari alkoholdunak edaten eta segurtasun-tartea aintzat hartu gabe. Identifikatutako gazteetako hainbat beste herri batzuetakoak ziren, beraz, itxitura perimetralari muzin eginda. Beste batzuk, berriz, ihes egitea lortu zuten, baina sikiera ez zuten eragozpenak eragiten jarraitu. Beraz, eraginkorra izaten ari da zaintza intentsiboa", esan du Madrazok. Barakaldo osoan, 92 izan dira era horretako salaketak asteburu honetan.

Esku-hartzeak ez dira soilik Gurutzetan izan. Hirigunetik hurbil dauden beste leku batzuetan ere indartu behar izan da zaintza, hala nola, Lutxanan, Llanon eta Retuerton, han ere aurkitu baitira botiloia egiten eta auzoei eragozpenak eragiten ari ziren gazteak. "Ez dugu onartu ezta onartuko ere arazoa beste auzo batera eramatea", ohartarazi du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak.

Botiloiagatiko salaketak berehala izapidetzen direla gogorarazi du Madrazok, eta berriz ere horretan erortzekotan, isunak 1.200 eurora ere irits daitezkeela.

Bestalde, asteburu honetan, hamabi bat esku-hartze egin behar izan ditu Tokiko Poliziak, etxebizitzetan egindako bileren karietara sortutako zaratek eragindako auzotarren kexak zirela eta. Jarduketetako bostetan izan dira zehatuak bertan zeudenak, eragiten ari ziren zaratengatik.

ETXETRESNA ELEKTRIKOAK BERRESKURATUTA

Era berean, lapurtutako etxetresna elektrikoak zeramatzaten hainbat lagun aurkitu zituen Tokiko Poliziak igandean Zubiletan. Harrigarria iruditu zitzaien agenteei igande batean enbalatutako bost aparatu ikustea, eta horregatik egin zituzten jatorria argitzeko peskizak.

Azkenean, lapurtuak izan zirela egiaztatu ondoren, egileak identifikatu eta haietako bat atxilotu zuten haren aurkako bilaketa- eta harrapaketa-agindu judizial bat dagoelako. "Jabeei entregatu zizkieten udaltzainek aparatuak: bi ikuzgailu, bi hozkailu eta ontzi-garbitzaile bat", argitu du Ángel Madrazok.

Horrez gainera, gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek atzo goizaldean, kutxeta batez denda bateko erakusleihoa hautsi eta kutxa erregistratzailea ere eraman zuelako.

Joan den astean antzeko delitu batengatik eta genero indarkeriagatiko beste batengatik atxilotutako gizonezko bera da. Epailearen aurrera eraman bazuten ere, hirugarrenez utzi dute aske.