BARAKALDO. Barakaldoko Udalak edukiontzi ibiltariak jarriko ditu udalerrian zehar herritarren artean birziklapen eraginkorra sustatzeko. Ekimen honekin, Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala sailak, Ecoembes eta Ecovidrio enpresekin elkarlanean, sentikortze-kanpaina berri bat jarriko du martxan.

"Ekimen honen bidez bizilagunak birziklatzearen garrantziaz jabearazi nahi ditugu; aldi berean, hondakin bakoitza zein edukiontzitara eraman behar duten azalduko diegu. Askok oraindik ez daki nola bereizi hondakinak, edo zalantzak sortzen zaizkio hondakin edo objektu jakin batzuekin. Panel hauek gure ingurumena modu eraginkorragoan zaintzen laguntzen dutelako ustea dugu", jakinarazi du Alba Delgado arloko zinegotzi ordezkariak.

Binaka jarriko dira lau kuboak, eta, beraz, bi kokalekutan egongo dira beti. Hamabost egunean behin auzoz aldatuko dira, Barakaldoko zortzi eremu desberdin hartu arte.

"Diseinuagatik eta tamainagatik, herritarrek oso ondo ikusteko moduan ageri dira totemak, 2 metroko altuera eta 1,20 metroko zabalera baitute. Gure bizilagunen arreta erakartzea espero dugu", azaldu du Delgadok. Egiturak nahikoa pisu du, haizeak mugitu ez dezan.

Hasteko, Anaien parkean (CIS) eta San Bizente plaza (elizaren eta haur-parke estaliaren artean) jarriko dituzte kuboak.

Ecoembes eta Ecovidrio enpresek birziklatzearen alde egindako lana eskertu du Alba Delgadok, bai eta defendatu ere, barakaldarren artean kontzientziazio-kanpainak garatzea dela hondakinen bereizketa errazteko modurik onena .

Paneletan bi hondakin mota nabarmentzen dira: beira eta plastikoa. "Bi kasuetan, oso garrantzitsua da birziklatzea. Kristala da energia gehien darabilena fabrikatzekorakoan, eta plastikoa, berriz, elementu kutsatzaileena, mikroplastikok gure organismora arraina jatean sartzen direlako", gogorarazi du Delgadok.

ATZOTIK, ARRAINA ETA OKELA EDUKIONTZI MARROIAN

Bestalde, Barakaldoko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotziak gogora ekarri du Bizkaiko Foru Aldundiak baimena eman duela martxoaren lehenetik aurrera okela eta arrain gordin eta kozinatuak hondakin organikoen edukiontzi marroira botatzeko.

"Aspaldidanik geunden neurri horren zain, oso neurri onuragarria baita gure ingurumenerako, orain errefusen edukiontzietara botatzen den % 40-45 ere birziklatu ahal izango delako", jarri du agerian Delgadok

Herritarrek doan lor ditzakete kubo marroia, edukiontzia irekitzen duen giltza, poltsa biodegradagarriak eta hozkailuaren imana, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, udaletxean eta Gurutzetako eta Clara Campoamor Zentro Zibikoan. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 010 telefonoan, 944 78 92 00 telefonoan edo haz-sac@barakaldo.eus helbide elektronikoan.