Koronabirusaren ondorioak apaltzeko

Euskara indartzeko bi programa abiaraziko ditu Barakaldok 16 ikastetxetan

14.01.2021 | 16:22

BARAKALDO. Koronabirusaren pandemia dela eta, euskararen erabilera gutxitu egin da ikasle askoren artean. Horregatik, Barakaldoko Udalak euskara indartzeko bi programa berri abiaraziko ditu 2021eko lehenengo hiruhilabetean. Programa horiek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2 mailetako ikasleei zuzenduta egongo dira.

Barakaldoko ikasle gehienak B eta D ereduetan matrikulatuta daude, eta euskara hutsez edo nagusiki euskaraz ikasten dute. Baina, bestalde, kasu gehienetan euskara ez da familien hizkuntza nagusia, eta, beraz, eskola da euskarari egiten dioten erreferentzia bakarra. Gainera, Barakaldoko ikasle gehienek euskara hizkuntza akademikotzat hartzen dute, eta, ondorioz, erabilera ikasgela barruko jarduerara mugatzen dute. "Kontuan hartu behar da, halaber, beste erkidego edo lurralde batetik iritsi berri diren eta gure udalerriko ikastetxeetan nagusi diren B edo D ikaskuntza-ereduetan sartu behar diren haur edo gazteen egoera", zehaztu du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.

Behar horiei aurre egiteko, Barakaldok bi programa jarriko ditu abian, Barakaldoko ikasleen hizkuntza- eta komunikazio-gaitasuna indartzeko, hizkuntza-trebetasunak eta komunikazio-trebetasunak bereganatzeko, eta kanpoko ikasleei euskara eskuratzeko prozesuan laguntzeko, euskara bitarteko integratzaile gisa erabiltzen den bitartean.

EUSKARA ULERTU ETA ERABILTZEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN IKASLEENTZAKO PROGRAMAK

Horretarako, datorren hilean bi proiektu jarriko dira abian: Euskaraz Murgildu, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako haurrei zuzendutako laguntza-saioekin, eta Gazte Berritsuak, DBHko 1. eta 2. mailako laguntza-saioekin. Bi programa horiek hizkuntza-gaitasun mugatua duten ikasleei zuzenduta daude, hau da, euskara ulertzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituztenei. Ikastetxeetako irakasleek erabakiko dute zein ikasle den egokiena programan parte hartzeko, eta ikasleak eta haien familiak gonbidatuko dituzte.

Lehenengoa Lehen Hezkuntzako dozena bat ikastetxetan egingo da, astean behin, 10 eta 12 ikasleko taldeekin.

Saioak jantokiko eskola-orduak amaitu ondoren egingo dira.

Bigarrena hiriko lau institututan gauzatuko da, astean behin, 10 eta 12 pertsonako taldeekin. Guztira 16 talde osatuko direla kalkulatu da. Saio horiek ere jantokiko eskola-orduak amaitu ondoren egingo dira.

"Programa horiei esker, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleen hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunari buruzko diagnostiko bat egin ahal izango dugu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; zailtasunak dituzten ikasleek euskararekin komunikatzeko duten gaitasuna landu ahal izango dugu, ahozkotasunean lagunduz, bai ulermenari dagokionez, bai produkzioari dagokionez; euskarari prestigioa eman ahal izango diogu eta ikasleek euskararekiko dituzten jarreretan eragin positiboa izango dugu; eta euskara sustatu ahal izango dugu gure hirian bitarteko integratzaile eta integratu gisa.

EUSKARA DINAMIZATZEKO PLANA

Programa berri horiek Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berriaren estrategiaren barruan sartzen dira. Plan hori urrian onartu zen aho batez. Udalak helburu estrategiko hauetan oinarritutako ekintzak garatzeko konpromisoa hartu du:

  • Euskararen ezagutza maila areagotzea.
  • Euskararen presentzia eta prestigioa areagotzea Euskaraldia eta Korrikaren gisako egintzen bidez ez ezik kultur ekitaldi, familiei zuzendutako programazio eta abarren bidez ere.
  • Euskararen erabilera bermatu eta areagotzea, hizkuntza ezagutzen dutenak ahaldunduz, beren aisialdian eta beste hainbat esparrutan, gero eta aukera gehiago izan ditzaten euskaraz mintzatzeko.

"Geroz eta handiagoa da euskararen ezagutza gure hirian. 22.000 euskal hiztun baino gehiago ditugu, eta 16.000 baino gehiago, berriz, euskara ulertzeko gai, eta Udalak herritarrei euskararen ulermena eta erabilera hobetzeko aukerak eskaintzen jarraituko du, Barakaldok aurrera egiten jarrai dezan", esanez amaitu du Euskara zinegotziak.

noticias de deia