BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 118.000 euroko aurrekontua bideratuko du herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako 12 ikastetxetako patioetan 13 karpa jartzeko. Karpa horien helburua eskolek zerupean leku gehiago izatea da, horrela koronabirusaren pandemiari hobeto aurre egin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du ekimen hau aurrera eramaten.

Eusko Jaurlaritzak laguntzak iragarri bezain laster abiarazi zituen Udalak karpak lehenbailehen jartzeko tramiteak. "Oso bizkor jardun dugu, bai Arlotik, bai ikastetxeetatik, segituan jakinarazi zizkigutelako beharrizanak, etengabe izaten baikara harremanetan", azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok. Hori horrela, Gabonetako oporraldian jarri ahal izan dira karpa gehienak, eta halatan, Barakaldo izan da aukera bizkorren baliatu duen hirietako bat.

Hauek dira covid-19ri aurka egiteko behin-behineko karpak jar diezazkietela eskatu duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak: Alkartu, Arteagabetia, Bagatza (haurrak), Bagatza Lehen Hezkuntza, Pilar, Gurutzeta, Ibaibe, Juan Ramón Jiménez, Larrea, Mukusuluba, Munoa eta Arrontegi (haurrak).

ALDIBATERAKO KARPAK EUSKO JAURLARIZAK DIRUZ LAGUNDUAK

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta udal korporazioak koordinaturik sortu dute udal titulartasuneko ikastetxeetako instalazioak hobetu eta eguneratzeko Udalaguntza2020 deialdia. Lankidetzaren bidez lortzen da, gainera, baliabide publikoak optimizatzea eta administrazio bakoitzak egindako ahaleginei eta jarduketei etekinik handiena ateratzea.

Horrela, bada, oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du karpen hornikuntza eta instalazioa, "Covid-19k eragindako arrazoiak daudela justifikatzen denean", adierazi du Canterok. Ikastetxeak pandemiaren ondorioz karpa erabili behar duen denborari lotzen dio dirulaguntzaren zenbatekoa deialdiak. Horrez gainera, handitu egin du Eusko Jaurlaritzak koronabirusa borrokatzen laguntzeko ikastetxeei emango zaien laguntza. Horrelakoetan, Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren % 90 ordainduko du Hezkuntza Sailak, eta ez Udalaguntzaren bidez diruz laguntzen diren gainerako jarduketetan ordaindu ohi den % 60.

PANDEMIAN EZARRITAKO NEURRIAK

Hezkuntza Arloa Eusko Jaurlaritzarekin koordinatzen aritu da pandemia osoan, familia barakaldarrei eta ikastetxeei birusaren hedapena geldiarazteko hartu diren neurrietan laguntzeko asmoz.

Hala, lehen alarma egoeran, Hezkuntza Arloak Interneteko txartelak eskaini zizkien familia ahulenei, eta ikasle guztiek hezkuntza telematikoari eutsi ahal izatea bermatu da.

Gainera, eskoletara itzuli ahal izateko udal instalazio eta lokaletako garbiketa kontratua handitu zuen Barakaldoko Udalak, milioi bat euro jarriz, pandemiak dirauen bitartean ikastetxeak garbi eta desinfektaturik egon daitezen.