BARAKALDO. Datorren igandean, urtarrilak 10, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratutako mugikortasun seguruari buruzko jardunaldi berri bat ospatuko du Barakaldoko Udalak. Babes Zibileko eta Barakaldoko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Ángel Madrazok ekimen honen ezaugarri guztiak azaldu ditu.

Madrazok zehaztu duenez, jardunaldietan aurreikusitako parte-hartzaile kopurua gainditu da; beraz, Baraka Bike Txirrindularitza Klubaren webgunean jasotako eskaerak ikusita, beste jardunaldi bat egitea aurreikusi da ikasle gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten. "Harrigarria iruditu zaigu, egun hauetako eguraldi txarrarekin ere, eskaria egin duten ia guztiak bertaratzea", baloratu du.

Aurreko aldietan bezala, goizeko ordutegian egingo da. Txanda bakoitzean, gehienez ere, sei parte-hartzaile egongo dira, jende-pilaketak saihesteko eta covid-19ren kutsatzeei aurrea hartzeko osasun-agintariek ezarritako arauak errespetatzeko.

Jarduera egiteko, nahitaez maskara erabili beharko da. Sarreran, parte-hartzaileei tenperatura hartuko zaie eta, txanda batetik besterako tartean, erabilera komuneko elementu guztiak desinfektatuko dira.

Ángel Madrazok Baraka Bike Txirrindulari Kluba zoriondu nahi izan du jardunaldi hauetan egin duten lanagatik. Izan ere, mugikortasun seguruari buruzko kontzeptu orokorrak, modu pedagogikoan eta bertaratuen adinaren arabera, eman dituzte.

"Jardunaldiak argi eta garbi eman dituzte, ibilgailuen ¿ kasu honetan, bizikleten ¿ erabilera seguruari buruzko gaiak nabarmendu dituzte, adingabeek etorkizunean mugikortasun seguru eta jasangarria ekarriko duten kontzeptuak barneratu ditzaten", azaldu du Herritarren Segurtasuneko arduradunak.

JARDUNALDI GEHIAGO ETORKIZUNEAN

Bestalde, Ángel Madrazok nabarmendu du jardunaldiek harrera ona izan dutela Landabeko pistara adingabeak eramateko hurbildu diren gurasoen artean.

Azken horri dagokionez, Madrazok adierazi du Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko Arloak horrelako jardunaldiak sustatzeko aukera aztertuko duela, baita beste talde batzuei zuzendutako formatuak garatzekoa ere. "Horretarako, Landabeko pista daukagu; autonomia-erkidegoan aitzindari izan zen eta udalerri gutxitan dagoen instalazio zoragarria da. Orain arte, pista eskola-orduetan erabiltzen zuten ikasleek soilik, baina ideia ona iruditzen zaigu beste talde batzuen parte-hartzea ahalbidetuko duten jarduerak sustatzea, mugikortasun seguruaz gain, herritarren eta Udaltzaingoaren arteko hurbiltasun-harremana sustatzeko", azaldu du zinegotziak.