BARAKALDO. 15.000 kilo gatz erabiliko ditu Barakaldoko Udalak espero den elurra eta izotzari aurre egiteko. Euskalmeten arabera, 0 eta 200 metro bitartean bota baitezake elurra, eta horrek ekar ditzakeen ondorioak gutxitzen saiatuko da Udala. Gatzaz gain, elurra kentzeko paladun eta hortzadun kamioiak prestatu dituzte.

Izotza eta elurra egon daitezkeenez, ohiko protokoloa abiarazi da, hirian sor daitezkeen eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko. Ildo horretan, asteburuko garbiketa-txandan langile laguntzaile talde bat dago jada, eta beharrezkoa izanez gero, kalera aterako da.

Gainera, lau makina garbitzaile prestatu dira elurra kentzen laguntzeko. Hala, elurra kentzeko 2,40 metroko zabalerako palak jarri dira kaleak ekortzeko makinen gainean, galtzadak garbitzeko. Ahal dela, aldapak eta desnibelak dituztenetatik hasiko da. Makinetako batek Barakaldoko erdialdean jardungo luke, eta beste batek, berriz, Bakeako eremuan, biribilgunetik hasita.

Espaloiak ekortzeko beste bi makinek, elurra kentzeko 1,50 metroko hortzak dituzte. Ospitale, osasun-zentro, guardiako farmazia, zentro ofizial eta iragaitza handiagoko espaloietarako erabiliko lirateke, izotza sor ez dadin. Gainera, beharrezkoa balitz, eskuz lan egingo luketen beste zerbitzu batzuetako garbitzaileak egongo lirateke, palak erabiliz elurra kentzeko eta gatza botatzeko.

15 TONA GATZ

15 tona gatz ditu prestatuta Barakaldok galtzada eta espaloietan banatzeko. Hilaren 5eko gauetik, gatza bota da biribilgune eta igoeretan (Florida, Andikollano, Osalan, Agate Deuna, Gurutzetako jaitsiera e.a.) eta biribilguneetan (BEC, N-634, e.a). Asteburu honetan, galtzada gainetarako gatz-barreiagailu bat ekarri da eta 3.000 litroko edukiera daukan kamioi bati jarri zaio.