BARAKALDO. Bihar, ostirala, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Barakaldok ongietorria emango die hain bereziak izango diren aurtengo Gabonei. Hala, herriko kaleetako apaingarriak argiztatuko dira, txikienen ilusioa piztuz. Egingo diren ekintzen artan, nabarmengarria da Kultura Sailak antolatutako argizko eskulturen arteko paseoa, Eskulturen parkean jarritakoa.

Barakaldo Gabonak pizten da aire zabalean antolatutako jarduera honetarako aukeratu den izena, koronabirusaren aurrean segurtasun-neurriak errespetatuz eta herritarrentzat guztiz doan. Azken urteetan, gabonetako argien pizte ofiziala antolatzen ari ziren, Bararkaldoko talderen baten eskutik. Aurten, pandemia dela eta, ezinezkoa da jendea pilatzen duten jarduerak egitea; horregatik, jarduera hori abenduaren 4an (ostirala) eta 5ean (larunbata) egitea erabaki da. "Gabonetako argiztapena oso garrantzitsua da, ez bakarrik herritarrentzat, bereziki txikientzat, baizik eta gure merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat ere, oso garrantzitsua baita beren lanerako, eta espero dugu laster berriro ireki ahal izatea. Gabonetako kanpaina jarduera ekonomikoari dagokionez garrantzitsuenetako bat da; horregatik, jarduera hau antolatzearen aldeko apustua egin dugu, herritarrak hirian paseatzera animatzeko, lorategi polit eta magiko baten argiztapena deskubritzeko eta herriko dendetan kontsumitzeko", adierazi du Nerea Cantero Kultura zinegotziak.

Horrela, bada, ostiralean, 18:00etatik 21:00etara, eta larunbatean, goizez eta arratsaldez, 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, Picto Facto konpainia frantziarraren Billevesées eta Un jardín plus irudi dibertigarrien artean paseatzeko aukera izango dute familiek.

"Aire zabaleko jarduera bat da, bertaratutakoen artean tarte zabalak egoteko pentsatua, eta, betiere, parkera hurbiltzen diren bizikidetza-unitateen arteko segurtasun-distantziari eusteko. Horretarako, sarrerak eta irteerak mailakatuak izango direla ziurtatuko dugu, bertaratutakoen etengabeko fluxua, bereizketa eta sakabanaketa bermatuz", azpimarratu du Canterok, bide batez, herritarrak ekimena bitzera gonbidatuz.