BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiak kalte handiak eragin ditu sektore guztietan, baina bereziki ostalaritzan, azken egunetan ezarritako murrizketak direla eta. Horregatik, Barakaldoko Udalak laguntza eskainiko dio sektoreari. Laguntza horiek beste erakunde publikoek eskainitako neurrien osagarri izango dira.

Lehenengo alarma egoerak ekonomia jardueran eragindako ondorioak arintzera bideratu zituen Udalak laguntza apartekoak. Horietatik, merkataritza txikikoen eta autonomoen eskarien % 90 ordainduta daude dagoeneko. Ebazpen zain badago ere geratzen den % 10, dokumentazio faltagatik edo konpondu beharreko akatsengatik, aurki emango da ebazpena.

Ostiralean ordaindu ziren eskaririk gehienak, baina, banku erakundea zein den, baliteke transferentzia 24-48 orduz atzeratzea.

Sektoreari laguntza emateko abian jarritako beste neurrietako bat izan zen Kontsumo Bonuarena; bi kanpaina egin ziren, eta udal inbertsioa 220.000 eurokoa izan zen. Lehenengo kanpaina udan gauzatu zen, eta, ondorioz, bertan parte hartu duen ostalaritza eta merkataritzako lokal bakoitzak 550 euro biltzea lortu du. Deskontu txartelen bidez herritarrak berton kontsumitzera bultzatzeko kanpaina honi dagozkion zenbatekoak % 88an ordainduta daude. Gainerakoak, berrikusten ari dira, dokumentazioa falta delako edo akatsak daudelako.

Bigarren kanpaina, berriz, indarrean da oraindik, eta prest dauzka 22.000 deskontu bonu merkataritza eta ostalaritza lokal barakaldarretarako.

IA 800 LAGUNTZA ESPEDIENTE AZKEN HILOTAN

Zehazki, 753 aparteko laguntza onartu ditu Udalak pandemia garaian; horietatik, 684 ordaindu ditu, eta gainontzekoak berrikusi egin behar dituzte. Kontsumo bonuei dagokienez, 164 eskaera onartu dira, eta horietatik, 145 daude ordainduta, eta beste 19ak, berrikusteko. "Azken hilotan, hainbat laguntza lerro prestatu ditugu zenbait udal arlotatik, hala nola, Gizarte Ekintza, Inguralde, Ekonomia Sustapena, Ogasuna... Administrazioak ahalegin handia egin behar izan du horretarako, eta hainbatetan ere ebazpenei erantzun ezinik ibili da. Horrez gainera, administrazioak oso bermatzaileak direnez diru publikoa kudeatzerakoan, tramite guztiak zuzenak direla egiaztatu behar dute, eta horrek mantsotu egiten dituzte ordainketak; hori dela eta, barkamena eskatzen dugu", adierazi du Ekonomia Sustapena Arloko zinegotzi David Sollak.