BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiak azken bost urteetan bizitako Bagatza Antzerki Jaialdiaren ediziorik bereziena ospatzera behartuko du aurten. Hala ere, gaurtik aurrera barakaldarrek sei emanaldiz gozatzeko aukera izango dute aste honetan zehar herriko ikastetxetan, eta beste bi egingo dira Bai Antzerki Eskolako patioan umeen familientzat.

Bagatza Antzerki Jaialdia duela bost urte sortu zen, Bagatzako Jaien Batzordeak, Malas Compañía antzerki konpainiak eta Udalak antzerkia Bagatza auzoko kaleetara hurbiltzearen alde egin zutenean. Horrezaz gainera, Sasiburu Euskara Elkartea, Ibarra-Kaldu Elkartea, Bizkaiko Antzerki Ikastegia (BAI), Ibaibe ikastolako IGE eta Santa Teresa merkatuaren babesa ere izan dute. "Azpimarratu nahi nuke auzoan eta auzorako sortu zen jaialdiaren bosgarren edizioa dela aurtengoa, eta horregatik, jaialdia abiarazteko parte hartu duten eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet" adierazi du Alkatetza Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek Malas Compañías taldeko Mikel Picazarekin batera.

"Covid-19aren pandemia dela-eta, jaialdiaren edizio berezi hau berraztertu behar izan da jendetzak ekiditen eta herritarren segurtasuna bermatzen dituzten ikuskizunak eman ahal izateko, beraz, bi emanaldi programatzea erabaki da, eta gune berean emango dira, BAIren patioan hain zuzen, aire zabalean eta edukiera mugatuarekin, osasun-agintariek ezarritako urruntze sozialeko neurriak bermatzeko" azpimarratu du Zubiaurrek.

IKASLEENTZAKO EMANALDIAK

Jaialdiaren lehenengo lau egunak, asteartea, asteazkena, osteguna eta ostirala, ikastetxeei begira antolatu dira. Horrela, Ibaibe ikastetxeko ikasleek Eidabe konpainiaren Futbolariak eta printzesak izeneko ikuskizunaz gozatu ahal izango dute. Larrea ikastetxeko ikasleei Hortzmuga Teatro konpainiaren Jule izeneko ikuskizuna eskainiko zaie. J.R. Jimenez ikastetxeko ikasleentzat Bat-batean Zirko konpainiaren Adabaki izeneko klown ikuskizuna egongo da. Aste honetan jaialdiaz gozatzeko aukera izango duen azken ikastetxea Bagatza izango da, eta bertako ikasleek Zirko Troskoren Indartsuak zirku-ikuskizunaz gozatuko dute. Ikasleentzako emanaldi guztiak 11:30ean izango dira.

HERRITARRENTZAKO EMANALDIAK

Ostiral eta larunbat arratsaldeak familiei begira programatu dira. Hala, Bagatza Antzerki Jaialdia aire zabaleko gune batean jarriko da, Covid-19ari aurre egiteko espazio segurua eta babestua izatearren. Lehenengo emanaldia ostiralean izango da 20:00etan, Banda Circo Teatro taldearen Kimera obrarekin. Larunbateko saioa 19:00etan hasiko da El Gran Rufusen Pink Impact ikuskizunarekin.

Sarrera doakoa da, eta esan bezala, 110 lagunentzako edukiera mugatua izango da. Emanaldia hasi baino 20 minutu lehenago zabalduko dira ateak jendetza ekiditeko, eta ikusleak pixkanaka sartu ahal izateko. Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea ikuskizunean