BARAKALDO. Irailaren 29an, asteartea, Barakaldoko adineko pertsonen zentroek euren ateak irekiko dituzte berriro, koronabirusaren pandemia dela eta martxoan itxi behar eta gero. Zentro guztiak segurtasun-protokoloak zehatz-mehatz beteko dituzte erabiltzaileen osasuna bermatzeko.

Adinekoen zentroen sareko arduradunek eurek erabaki zuten ekipamenduak uda igaro arte itxita edukitzea; joan den ekainaren 22an hartu zuten erabakia. Ordutik, Udala zentroak prestatzen aritu da, arriskuen prebentziorako zerbitzuarekin espazioak berrikusiz. Zerbitzu horrek espazioaren banaketa eta mahaien distantzia aztertu ditu, bai eta jarraitu beharreko osasun-neurriak ezarri ere: "Bisitetan, elkarteko ordezkari bat, kafetegiko zerbitzuko beste bat eta ile-apainketako beste bat egon ziren beharrezko segurtasun-neurriak aztertu eta ezartzeko", azaldu du Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Horrez gainera, desinfekzio bat egin da zentro bakoitzean, eta gel-banagailu hidroalkoholikoak jarriko dira sarreretan eta irteeretan. "Sartzeko eta irteteko arauak eta ibilbideak jasotzen dituzten kartelak jarriko ditugu, baita sintomaren bat izanez gero, zentroetara joaten direnek nola jokatu behar duten azalduko ere", azpimarratu du zinegotziak.

SEGURTASUN NEURRIAK

Barakaldoko adinekoen zentroak erabiltzaile askoko guneak dira, eta, beraz, hiriko adinekoek gustura hartuko dute jarduerari berriro ekitea. Itzulera segurua izan dadin erabiltzaileentzat, Udalak material desinfektatzailez, zerbitzuetarako musuko-packez eta infragorrien termometroez hornitu ditu zentroak. Gainera, instalazioetan sartzeko eta egoteko zenbait arau adostu eta ezarri dira:

  • Musukoa nahitaez jantziko da, aho-sudurrak estaliz.
  • Instalazio barruetan musukoa jantzita eduki behar da, eta jateko eta edateko bakarrik kendu.
  • Derrigor garbituko dira eskuak gel desinfektatzailez, sartzerakoan eta irteterakoan.
  • Sintomaren bat nahiz kutsatutako inorekin kontaktu estua izanez gero, erabiltzaileak isolatu eta familia-medikuari hots egin, eta zentroari jakinarazi behar diote, gehiago kutsa ez daitezen.
  • Instalazio barruan beharrezkoak ez diren lekualdaketak saihetsi bai eta beste mahai batzuetako beste bazkide batzuekin elkarreraginean aritzea ere.
  • Zerbitzuetako arduradunen jarraibideak bete behar dira.
  • Edukiera betetakoan, ez da zentrora sartzerik izango, harik eta lekua libratu arte.
  • Ezingo da kartetan eta mahai-jokoetan jolastu, ez eta egunkaria irakurri ere.
  • Ezingo da ez mahairik ez aulkirik mugitu (lau aulki mahai bakoitzeko).

ORAINGOZ, JARDUERARIK GABE

Ostegunean izandako bileran, adinekoen zentroetako zuzendaritza batzordeek beraiek erabaki dute oraingoz ez egitea ohiko talde-jarduera eta -tailer batzuk, eta neguko hurrengo hilabeteetan egingo diren ekintzak jarduera generiko eta ludikoagoetara bideratzea. "Elkarteek 6.500 euroko dirulaguntza dute jarduerak egiteko, eta Adinekoen Zerbitzutik orientazioa eta laguntza emango diegu, Covid egoeran dauden erakunde horietan zentroek izan ditzaketen jarduerak eta beharrak betetzeko", azaldu du zinegotziak.

"Ziur gaude adinekoen zentroak berriro irekitzea oso ondo hartuko dutela hiriko adinekoek. Baina ezarritako segurtasun neurri guztiak bete behar direla azpimarratu nahi dut, jarduerara itzultzea segurua izan dadin eta arrisku egoerak saihets ditzaten", adierazi du Antizarrek, eta zentroek behar bezala funtziona dezaten guztiek arduraz jokatzea eskatu du.