BARAKALDO. Barakaldoko Udaltzaingoak eta Babes Zibileko kideak ikastetxeen sarbideak kontrolatuko dituzte ikasturte hasieran, koronabirusari aurre egiteko neurriak betetzen direla ziurtatzeko. Neurri honekin, Udalak segurtasuna bermatzea du helburu.

Alde horretatik, ikastetxetik sartu-irteterakoan ikaslea pertsona bakar batek laguntzea aholkatzen du Madrazok, horrela errazago beteko baitituzte guraso-ikasleek Covid-19aren kutsatzeei aurrea hartzeko osasun agintariek ezarritako neurriak.

"Ikastetxeetako ikasleen joan-etorriak kontrolatzeko abian jarri dituzten zenbait neurri jakinarazi dizkigute bertako arduradunek, eta hainbatek kezka ere agertu izan digu", azaldu du Ángel Madrazok. Horregatik, Herritarren Segurtasun Arloak uste du lagungarria izan litekeela Toki Poliziako agenteak bezala Babes Zibileko boluntarioak ere ikastetxeetara bertaratzea, eskola bakoitzerako ezarritako arauak babesteko.

Madrazok aurreratu duenez, "antolamendu-ahalegina handia izango da, Barakaldok, gaur egun, lehen eta bigarren hezkuntzako hogei bat ikastetxe baitauzka, publikoak eta hitzartuak kontuan hartuta. Datorren astetik aurrera koordinatuko gara ikastetxe bakoitzeko arduradunekin".

Osasun neurriak (musukoa janztea, jende arteko tartea....) betetzen direla kontrolatzeaz gainera, Barakaldoko Toki Poliziak eta Babes Zibilak batera antolatutako eginkizunen artean dago ikastetxe inguruetan trafikoa zaindu eta arautzea.

Bestalde, Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziak gogorarazi du "90 hamarkadaren erdialdetik egiten direla ikasturte bakoitzean ikasleentzako prestakuntza ekintzak, Landabekoko bide hezkuntzarako pistan garatu izan den mugikortasun segururako programetan". Ikastetxeekin horretarako harremanetan jarri ondoren, ikusi da aurten bizi dugun egoera apartekoak zaildu egiten duela mugikortasun seguruko ekintzak bideratzeko egutegia zehaztea, eta horrenbestez, oraingoz behintzat, ez da horrelakorik izango.