BARAKALDO. Gaur, irailak 1, Barakaldoko Udalak kultur ikastaro eta tailerrak berrabiaraziko dituela ezagutarazi du. Hori bai, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, hainbat aldaketa egongo dira aurreko urteetako ikastaroekin alderatuta.

Horrela, bada, ikasturte osoko ikastaroen alde egingo du hein handi batean Udalak, "txandaketarik egon ez dadin, eta birusarekiko segurtasuna indartzeko", adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko Nerea Cantero zinegotziak.

Hori horrela, programazioak 107 kultur tailer izango ditu, iaz baino 29 gutxiago. Dantzaren nahiz mugimendu aerobikoaren gisako diziplinak (funkya, koreografia, areto dantzak...) baztertzera behartu gaitu pandemiak. Ikastaro gehienak, 89 guztira, urtekoak izango dira. Hala ere, hiruhileko 24 ikastaro emango dira, hala nola, makramea, lurzoru pelbikoa, bitxien diseinua, zeramika, argazki-liburua eta abar. Horrelakoetan, urrian hasiko da ikastaroa, eta abenduan amaituko, baina ikasten jarraitu nahi dutenek urtarrilean ekin ahal izango diote berriro ikastaroari.

Ikasturte honetarako programatutako 107 ikastaroetatik 97, helduentzat dira; hiru, adinekoentzat; bat, familia osoarentzat eta 6, haurrentzat. Burtzeña, Zuhatzu eta Retuerto kultur etxeen eta Gurutzeta eta Clara Campoamor zentro zibikoen artean banatuko dira tailerrak.

Bihar zabalduko da izen-emateko epea, eta irailaren 14an, itxiko. Muga-egunaren biharamunean, ostera, egingo da tokien zozketa. Zozketan aukeratutakoek irailaren 16tik 23ra bitartean jaso dezakete dokumentazioa, bai eta ordaindu ere matrikula. Udaleko www.barakaldo.eus egoitza elektronikoaren bidez eman dezakete izena, edo, bestela, telefonoz nahiz hurbileko zentroetako edozeinetan, bertara joanez. Derrigor eskatu behar da hitzordua zentroetara telefonoz hots eginez, honako arreta orduetan:

  • Gurutzeta eta Clara Campoamor zentro zibikoetan, 09:15etik 13:45era eta 16:00etatik 20:45era.
  • Retuerto, Zuhatzu eta Burtzeña kultur etxeetan, 09:00etatik 13:45era eta 16:00etatik 19:45era.

SEGURTASUN ETA GARBIKETA NEURRIAK

Datorren urriaren 5ean hasiko dira ikastaroak, eta segurtasuna bermatzeko, derrigor bete beharko diren jarduketa eta garbiketa protokoloak ezarri dira. Instalazio guztietan garbiketa sakona egin da, bai eta eguerdiko gelak desinfektatu ere. Horrez gainera, musukoa jantzi beharko da, jende artean 1,5 metroko tartea utzi beharko da, eskuak gel hidroalkoholikoaz garbituko dira eta ez da materialik partekatuko eta ez da ere material komunik izango. "Ongizate eta osasun geletan, esate batera, nork bere esterilla ekarri beharko du etxetik", esan du Canterok.

Azkenik, ezingo dira aldagelak erabili, beraz etxetik jantzita ekarriko da jarduera bakoitzari dagokiona, eta kaleko zapatak kendu eta kirolekoak jantzi beharko dira yoga, erlaxazioa eta horien moduko diziplinetako jarduerak egiten diren lekuetara sartzeko. Horrez gainera, ikastaro guztiak modu telematikoan egin ahal izango dira, pandemiak era horretara egitera behartuz gero.

"Berebiziko ilusioa egiten digu geure kultur jarduerari ekin ahal izateak. Guztia xehetasunez prestatu dugu, osasun agintaritzak agindutako prebentzio neurri guztiak zainduz; ea, bada, hala nahi duten barakaldarrek ekimen horiez modu seguruan goza dezaketen", adierazi du zinegotziak.

Ikastaroen orduko prezioa 2,01 eurokoa da, Barakaldon erroldatuta daudenentzat; eta 2,58koa, ostera, hirian erroldatuta ez daudenentzat. Horrez gainera, 14.097,53 eurora iristen ez diren diru-sarrerak (kontuan hartuta familia unitate osoa) dauzkaten barakaldarrek hobariak izango dituzte. Horrela, hobaririk handienak (% 78) jasoko dituztenen prezioa 0,44 eurotik txikienen (% 14) 1,73 eurora bitartekoa izango da.