BARAKALDO. Barakaldoko Udalak herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko '30 egun bizikletaz' izeneko ekimena aurkeztu egin du. Programaren barruan 10 tailer praktiko egingo dira iraileko larunbat guztietan eta urriaren lehenengoan. Bertan, monitoreek irakatsiko dute zein den hiriko kaleetan bizikletaz ibiltzeko modurik egokiena. Programa horretan parte hartu nahi dutenek ez badute bizikletarik, udalak lagatako bizikleta erabili ahal izango dute hilabetez.

Bizikletaren aldeko Hirien Sareak bultzatua da 30 egun bizikletaz programa, izan ere, Barakaldo sarekidea baita. Barakaldoko Udalak proposatutako jardueretako bat da irail-urriko larunbatetan (5, 12, 19 eta 26 eta 3) 10 tailerron programa. Tailerrak goizeko 10:00etan hasiko dira, eta eguerdiko 12:00etan bukatuko. Tailer bakoitzean, 16 urtetik gorako 8 lagunek baino ez dute parte hartzerik izango.

Horretarako propio prestatutako karpa pedagogikoetan egingo dira aipatu tailerrak; han irakatsiko diete Ziklobizi Eskolako irakasleek herritarrei nola ibili Barakaldoko kaleetan bizikletaz. Derrigorrezko segurtasun elementuak ere aztertuko dituzte, bai eta gorputz hizkuntzaren garrantzia geure mugimenduez aurretik abisatzeko, bide-seinaleak, ibilbideetako arriskutsu gerta daitezkeen puntuak eta abar ere", azaldu du Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek. Tailerra antolatu den auzoko kaleetan ibilbide praktiko bat eginez amaituko da saioa, goizean ikasitako guztia ondo barneratzeko. 90 minutu inguru iraungo du jarduerak, eta denbora guztian izango dute partaideek monitoreen laguntza.

Oraingoan, Herriko Plazan, Gurutzetako plazan, San Bizenteko plazan, Lube plazan eta Retuertoko plazan egingo dira tailerrak, irailaren 5, 12,19 eta 26an eta urriaren 3an (larunbatetan). Decatholeneko oparia, txaleko islatzaile batez eta atze-aurreko argiez osatua, jasoko dute partaide guztiek.

UDAL BIZIKLETAK DOAN LAGAKO DIRA

Zubiaurrek dioenez, "Udalak herritarrak bultzatu nahi ditu bizikleta beste garraiobide batzuen ordez erabiltzera, egunerokoan. Hori dela eta, 55 bizikleta prestatu ditu, eta horietatik 40 lagako dizkie 30 egun bizikletaz programak dirauen bitartean eskaera egiten duten herritarrei. Herritarrek beren joan-etorrietan erabiltzea eta bizikletaren figura egunerokotasunean garraio-aukera gisa onartzea, horra lortu nahi den helburua. Erreserbak gauzatze aldera, plataforma digital bat sortuko da, eta han egin ahal izango da bizikleten online erreserba, dagoen eskaintzaren arabera. Estekak, Barakaldoko Udalaren web orrian.

Covid-19a saihesteko osasun-gomendio guztiak izango dira kontuan 30 egun bizikleta programaren barruan garatuko diren jarduera orotan.

ARGAZKI LEHIAKETA SARE SOZIALETAN

Azkenik, 30 egun bizikletaz kanpaina beraren barruan, argazki lehiaketa bat egingo da sare sozialen bidez, bizikletaren erabilera zabaldu eta sustatzea xede duena. Horrela, 30 egun horietan bizikleta erabili dutenek bizikletaz egindako ibilbideei egindako argazkiak igo ahal izango dituzte #30DíasEnBiciConBarakaldo hastaga baliatuz.

30 egunak amaitutakoan sari-saski bat zozketatuko du Zikloeskoak, bertoko saltokien laguntzaz.