Milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua

Herriko 136 langaberen kontratazioa errazteko laguntzak abiaraziko ditu Barakaldok

29.07.2020 | 13:18

BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 1.078.398,96 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko 136 pertsona langaberen kontratazioa errazteko laguntzetara, 2020-2021 Tokiko Enplegu Planaren barruan. Udalak Lanbideri helarazi dio jada aurtengo ekitaldiko eskaera.

"Barakaldok konpromiso argia du tokiko enpresekin, aberastasun ekonomikoaren eta enplegu-sorreraren iturri diren aldetik, eta are gehiago datozen krisi ekonomikoko une latz hauetan", adierazi du David Sollak, Ekonomia Sustapeneko zinegotziak. "Horregatik, eutsi egiten diogu kontrataziorako laguntza-programaren aldeko apustuari, inbertsio handiagoarekin eta ahalik eta enpresa eta pertsona gehienen onurarako".

Laguntzen baldintza orokorrek, oro har, aurreko edizioetako baldintza berberak jasotzen dituzte. Hala ere, zenbait murrizketa kendu edo murriztu dira, enpresa gehiago programan sar daitezen errazteko eta diru-laguntzak enplegu-eskatzaileen egungo egoerara egokitzeko.

Horrela, kontratu berriek jada ez dute plantilla ertainaren zabaltze garbirik ekarri behar, orain arte eskatzen zen bezala, eta emakumeen enpleguaren aldeko apustua indartuko da. Emakumeak, krisiak gehien eragin duen kolektiboa da, eta, horregatik, laguntzetan %10eko igoera zuzena eskainiko da kontratua emakumeei egiten bazaie, edozein esparrutan.

LAGUNTZEN BALDINTZAK ETA ZENBATEKOAK

Laguntza-programa berariaz zuzenduta dago Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden udalerriko langabeak kontratatzen dituzten Barakaldoko enpresentzat. Kontratuen gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da, lanaldi erdian.

Gehieneko laguntza 3.000 €-koa izango da hiru hilabeteko iraupena duen lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, eta 6.000 €-ra arte luzatuko da kontratua sei hilabete edo gehiagorako egiten bada. Nolanahi ere, laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du soldata-kostuen % 75 gainditu.

Kontratatutako pertsonak kolektibo berezietako kide badira, diru-laguntza ezin izango da soldata-kostuen % 100 baino handiagoa izan, kontratu-amaierako kalte-ordainak barne. Kontratatutako pertsonen Gizarte Segurantzaren kasuan, laguntzak 9.000 euroko gehieneko muga izango du.

Horretarako, kolektibo berezitzat hartzen dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak, kontratazioa egin aurreko 540 egunetan Lanbiden eskatzaile gisa izena emanda egon diren pertsonak -betiere epe horretan gutxienez 360 egun langabezian egon badira- eta 55 urtetik gorako langabeak.

Epeei dagokienez, diru-laguntza jaso ahal izango dute 2020ko uztailaren 1etik 2021eko apirilaren 1era bitartean formalizatutako kontratazioek, biak barne. Diruz lagundu daitekeen aldiak 2021eko ekainaren 30ean amaitu beharko du.

Hori da Barakaldoko udalak gidatzen duen beste ekimenetako bat, oraingo honetan Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Covid osteko egoeran tokiko ekonomia suspertzeko helburuarekin. Solla zinegotziak laguntza eskatzeko eta Inguralderekin harremanetan jartzeko deia egin die langileak kontratatzen ari diren enpresa guztiei, behar duten guztia argitzeko.