BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 2,91 milioi euro inbertituko ditu udalerriko 210 langabetu zuzenean kontratatzeko proiektuetan, 2020-2021 Enplegu Planaren barruan. Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lanbidek, 2,66 milioi jarriko ditu, eta 250.000 euro udalaren diru-kutxatik aterako dira.

Pizarrok jakinarazi duenez, memoria teknikoa eta ekonomikoa bidali diote Lanbideri, eta bertan enplegua sustatzeko 52 proiektu daude. Kontratazio guztiek 4 eta 6 hilabete arteko iraupena izango dute, eta Inguralde toki-garapenerako agentziaren bidez egingo dira urte amaieratik aurrera.

"Ez dugu inor atzean utziko bizi dugun osasun krisi honetan. Ekimen horiekin bi helburu lortuko ditugu: alde batetik, bereziki egoera ahulean dauden kolektiboei lanbide- eta enplegu-aukerak eskainiko dizkiegu, eta, bestetik, pertsona horiek Barakaldorako onura publikoko eta gizarte-intereseko jardueretan aritzea lortuko dugu ", adierazi du Pizarrok.

Proiektuak hautatzea, diseinatzea eta, ondoren, kontratazioak garatzea udaleko departamentuen eta hirian lan egiten duten izaera publikoko erakunde autonomoen arteko komunikazio- eta lankidetza-prozesu luze baten emaitza da, eta horrek erakundeen arteko koordinazio-ahalegina eskatzen du, kudeaketa publikoaren ia esparru osoa inplikatzen duena.

PROIEKTU BERRIAK

Juan Antonio Pizarrok adierazi duenez, "deialdi honetan proiektu berriak eta jarduera publikoko esparru berriak sartu nahi izan ditugu, eta, horrela, erakundeen arteko koordinazio ildo berriak ere hasi dira". Ildo horretan, Enplegu eta Gizarte Kohesioko zinegotziak ingurumenari, adinekoei, hezkuntzari, kirolari eta herritarren segurtasunari buruzko jarduketa-ildo berriak azpimarratu ditu.

Proiektuen diseinuan kontuan hartu da kontratazio guztien % 30, gutxienez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten titular edo onuradunengana bideratzea, eta gainerakoa, % 70, honako, kolektibo hauentzat izatea: gutxienez 180 egunez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden 35 urtetik beherako gazteak edo 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak edo epe luzeko langabeak, eta enplegua galdu dutenak covid-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko deklaratutako alarma-egoeraren ostean.