BARAKALDO. Hurrengo larunbatean, hilak 11, hastekoak ziren Barakaldoko jaiak, baina koronabirusak eragindako egoerak bertan behera uztera behartu egin du. Hala ere, badira 2020ko Karmenak ospatzeko bide alternatiboak bilatu dituzten pertsonak, eta horregatik Barakaldoko Udalak zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskatu egin du, azken asteotan jaiak eten dituzten beste udalerri batzuetan gertatu diren jende pilaketak ikusita.

"Ezin onartu dugu gure hirian horrelakoak gertatzea. Tokiko Polizia eta Ertzaintza adi egongo dira egunotan, baina guregandik atera behar da erantzukizunezko jokaera. Horregatik eskatzen dugu zuhurtziaz, errespetuz eta erantzukizunez jokatzea, barakaldarren osasuna arriskuan jar dezaketen jende pilaketak gerta ez daitezen", adierazi du Alkatetzako zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Barakaldo jaietan izenburupean, larunbat honetako 19:00etatik 21:00etara bitarteko elkarretaratzea egiteko deia zabaldu dela jakin du Udalak. Egintza ez du Udal Jai Batzordeak antolatu ezta Udalak berak ere; hori dela eta, toki erakundeak ezin du bermatu osasun-arduradunek adierazitako prebentzio neurriak beteko direnik.

Alde horretatik, Udalak ekitaldira ez joateko deia egin du, hiriko osasun publikoarentzat arriskutsua izan daitekeelako. "Ez gaude gaseosarekin esperimentuak egiteko. Ordiziakoa bezalako agerraldiek horrek dakarren arriskuaz jabetzeko balio behar digute. Ez du ezertarako balio jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu izanak, hiriko ekonomiari eragiten dion guztiarekin, baldin eta neurria errespetatzen ez bada eta guztiok arriskuan jar gaitzaketen ekintzak programatzen badira ", azpimarratu du. "Ezin dugu ahaztu pandemiak iraun duen bitartean izan dugun mina. Arduratsuak izan behar dugu eta urrats sendo eta seguruekin aurrera egiten jarraitu".