BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloak 10.000 euro bideratuko dizkio Gurutzetako Modulu Psikosozialari, erakunde honek ematen duen eta hain beharrezkoa den zerbitzua sostengatzeko. Udaleko arlo horren zinegotzi den Juan Antonio Pizarrok dirulaguntza honen nondik-norakoak azaldu egin zituen atzo, hilak 26.

Moduluak eta udal talde politikoetako ordezkariek joan den ostiralean Juan Antonio Pizarro tartean zela egindako batzarrean, zentroak dauzkan arazoei behin-behineko konponbidea aurkitzen ahalegindu ziren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez die eta hitzarmena berrituko.

Moduluari laguntzeko beste ahalegin bat egiteko modua aurkitzeko konpromisoa hartu zuen Pizarrok batzarrean. Hala ere, bere departamentuak koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz beharrizan ekonomiko gehiagori aurre egin behar izan diola ohartarazi zuen.

Azkenean, Arloko Udal Aurrekontuak zeuzkan 5.000 euroei beste 5.000 erantsi ahal izan dizkio Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak; beraz, 10.000 euro jasoko dituzte.

Gurutzetako Modulu Psikosozialak egiten duen "lan garrantzitsua" aintzatetsi du Juan Antonio Pizarrok. Inguruko hainbat kolektibori ematen dio arreta. "Ez die Moduluak bere eginkizuna adimeneko osasun arazoak dauzkatenei edo kolektibo ahulenei, haurrei edo familiei soilik zuzentzen. Arreta ematen die emakumeenganako indarkeria arazoei edo laguntza psikologikoaren beharra duten adinekoei ere", azaldu du zinegotziak.