BARAKALDO. Koronabirusaren krisialdia pixkanaka-pixkanaka atzean utzita eta normaltasun berrirako bidean, eguneroko ohiturak berreskuratzen hasiko ditu gizarteak. Bihartik aurrera, hilak 22, astelehena, alarma estatuaren amaierarekin batera, Barakaldoko Udalak herriko haur-parkeak irekitzen hastea erabaki du. Horretarako, lehendabizi jolas elementu guztiak desinfektatu egin dira, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Udalak gaur hasi ditu desinfekzio-lanak, Barakaldok dituen 76 haur- eta adinekoentzako parkeetan dauden elementu guztiak sakon garbitzeko.

Alarma-egoeran, Udalak mantentze- eta garbiketa-lan sakonak egin ditu, presiopeko urarekin eta desinfektatzailearekin, lan horiek egiteko ekipamenduak nahitaez itxita egon direla aprobetxatuz. Izan ere, azken asteetan parkeetako gomazko zoruak garbitzen hasi dira, eta lan hori uztailaren erdialdean amaituko da.

EDUKIERA MUGATUKO IREKIERA

Udalak haur parkeak irekiko ditu datorren astelehenean, pixkanaka. Eusko Jaurlaritzak gaur hasitako normaltasun berriari buruz argitaratu duen dekretuari jarraituz, baimenduta dago haur-parkeak edukiera mugatuarekin irekitzea, hau da, 4 metro karratuko pertsona bat. Hori dela eta, Barakaldoko Udalak kartel bat jarriko du haur-parke bakoitzean, ekipamendu bakoitzean baimendutako edukiera adieraziz. Kartel hori parke bakoitzaren metro karratuen arabera aztertuko da.

Haur-parkeak ireki ondoren, desinfektatze- eta garbitze-lanak indartuko dira. Halaber, haur eta adinekoen parkeen erabiltzaileei eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko gomendatu die Udalak, ekipamenduak erabili aurretik eta ondoren.