BARAKALDO. Hurrengo astelehenean, hilak 22, Barakaldoko merkatari eta ostalariek Udalak koronabirusaren krisialdiaren kalteak gutxiagotzeko emango dituen dirulaguntza zuzenen bigarren fasea eskatzeko epea irekiko da. Fase horrek apirilaren 12tik ekainaren 12ra bitarteko epea hartuko du.

Bigarren fase horretan, Inguraldek emandako laguntzen lehen fasearen azken eguna izan zen apirilaren 12tik aurrera Alarma Egoerak izan dituen luzapenak bildu dira, laguntza eskarien aurkezpenak, izapidetzeak eta ordainketak eskari bakarrean azkartzeko eta errazteko. Horrela, baliabideen kudeaketa eraginkorragoa sustatu da, pertsona eta enpresa onuradunentzako tramiteen sinplifikazioa barne hartuta.

Eskaerak egiteko epea ekainaren 22tik 30era bitartean egongo da zabalik -7 egun baliodun, epea irekitzen denetik-.

Ondorioz, fase horrekin bat egingo duten autonomoek eta negozio txikiek, Alarma Egoeraren 2 hilabete eta 10 egun biltzen dituzten laguntzak jasotzeko aukera izango dute, gehi Udalak emango duen aparteko hilabete bat. Bigarren fasearen diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak hauek izango dira: 525 euro 250 m2 arteko lokaletarako; 420 euro 150 m2 arteko lokaletarako; eta 350 euro 70 m2 arteko lokaletarako.

Martxoaren 14tik apirilaren 12ra luzatu zen lehenengo fasean, 150, 120 eta 100 euroko gehieneko zenbatekoak ezarri ziren hurrenez hurren. Hori dela eta, bi faseekin bat egin duen autonomo edo enpresa txiki batek jaso ahal izango dituen diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak hauek izango dira: 675 euro 250 m2 arteko lokaletarako; 540 euro 150 m2 arteko lokaletarako; eta 450 euro 70 m2 arteko lokaletarako.

Alarma-egoera hasi zenetik, Barakaldoko Udalak adierazi zuen bere konpromisoa zela laguntzak bere osotasunean mantentzea, diru-laguntzaren irismena muga zezakeen kopuru finkorik ezarri gabe.

Lehenbiziko fase horretan, Inguraldek Barakaldoko merkatarien, ostalarien eta autonomoen 1.000 eskari baino gehiago jaso zituen. Zenbait zergaren ordainketa, OHZ, estolderia edo zaborrak, besteak beste, ordaintzea konpentsatzeko prestatu diren laguntzak loteetan ordaintzen ari dira pixkanaka, deialdian ezarritako dokumentazioa berrikusi eta zuzendu ahala.