BARAKALDO. Aurreko asteetan, aisialdirako guneetan jende asko batzea ekiditzeko, Barakaldoko Udalak publikoak diren barbakoa guztien erabilera debekatzea erabaki zuen, eta aldi baterako neurri hori mantenduko da asteburu honetan. Neurri horien zergatiak Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko zinegotzi Angel Madrazok azaldu ditu. Barbakoa eramangarriak edota desmuntagarriak ere ezin izango dira erabili.

Joan den asteburuan hartutako neurria eraginkorra izan dela baieztatu du Madrazok. "Ekimen horri esker, Tellaetxe Parkean eta Argalario mendian ez da jende pilaketarik izan, beraz, larunbatean eta igandean leku horietara joan direnek egun batez gozatzeko aukera izan dute familian edo lagunekin, distantzia sozialari buruzko jarraibideak mantenduz", adierazi du.

Arloko arduradunaren ustez, Udaltzaingoa eta Babes Zibileko kideak lehen ordutik bertaratu zirenez, distantzia soziala zorrotz bete ahal izan zen, "Beste udalerri batzuetan bizi izandakoak bezalako egoerak saihestuz".

Aurrekoarekin lotuta, Ángel Madrazok kezka agertu du bide publikoan, ostalaritza-lokaletako terrazetan edo espazio zabaletan, hala nola, parkeetan, plazetan eta abarretan, izandako jende pilaketengatik, joan den asteburuan herriko hainbat tokitan alkoholdun edariak kontsumitzen ari zirela ikusi baitzuten udaltzainek.

Udaltzaingoa zaintza-lanetan arituko da asteburuan, eta udalerriko hainbat auzotan ibiliko da horrelako jokabideak saihesteko. Covid-19ak eragindako kutsadurak prebenitzeko ezarritako 2 metroko distantzia soziala ez errespetatzeagatiko ohiko zigorrak 600 eurokoak dira, eta horiei beste 200 euro inguru gehitu behar zaizkie botiiloia eginez gero.

"Gazteei kalera ateratzeko eta ondo pasatzeko eskatu nahi diet, baina segurtasun-neurriak eta gainerako herritarrekiko bizikidetza errespetatuz. Zaratak eta zikinkeriak eragindako eragozpenak saihestu behar dira ", azpimarratu du Angel Madrazok.