Gurutzeta auzoan

Astelehenean hasiko dira Balejo haur-parkeko estalkia jartzeko lanak

04.06.2020 | 10:55

BARAKALDO. Hurrengo astelehenean, ekainak 8, Barakaldoko Gurutzeta auzoan dagoen Balejo haur-parkeko estalkia jartzeko lanekin hasiko dira udal langileak. Koronabirusak eragindako egoerak lanak atzeratzera behartu egin du nolabait, baina dagoeneko segurtasun osoz eraman ahal izango dira aurrera. Udalak lan hauetarako bideratutako aurrekontua 176.487,13 eurokoa da. 

Alarma egoerako konfinamendua arintzeko faseek eta pandemiak etendako epe administratiboak berrabiarazteak Covid-19ak etendako lanak martxan jartzea ahalbidetu dute. Horrela, datorren astetik aurrera PVCzko oihalezko estalki bat jartzen hasiko dira, duela gutxi San Bizente auzoko Errosario kaleko parkean jarri dutena bezalakoa.

Estalkiari eusteko, parkearen erabiltzaileentzako jesarleku eta lorategi izango den egitura bat jarriko da. Euritik eta eguzkiaren izpietatik babesteaz gain, estalkiak ere zeregin garrantzitsua beteko du, haur parkea haren iparraldean dagoen autobidetik isolatuko baititu. Aldiz, parkearen hegoaldean estalkia altxatuko dute, eguzki argia aprobetxatzeko.

Hau izango da Barakaldoko estalitako seigarren haur-parkea, eta udazkenerako prest egongo da, lanak gutxienez 3 hilabete eta erdiko iraupena izango duela aurreikusten baita.

"Balejokoarekin batera, Barakaldok haur-parke estaliak ditu Anaien parkean, Bakean, Lutxanan, San Bizenten eta Desertu Berria-n; azken urteotan 2,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ostean izan da posible instalazio hori", adierazi du Jon Andoni Uria Auzoetako eta hiriko Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.