BARAKALDO. Atzo arratsaldean hasi ziren Barakaldoko udal langileak herrian zehar maskarak banatzen. Guztira hurrengo egunetan 15.000 maskara banatu egingo dira barakaldarren artean. Barakaldoko Udalak sustatuako ekimen hau Gurutze Gorriaren laguntzarekin eraman dute aurrera.

"Egoera oso aldakorra da, eta uste dugu garrantzitsua dela, batez ere, barakaldar zaharrenek lehen eskuko informazioa izatea jakin dezaten paseatzera noiz, nola edo non irten daitezkeen, maskara nola jarri behar duten, zer zerbitzu dituzten eskura. Horretarako, Gurutze Gorriarekin jarri gara harremanetan, kalera irteterakoan jardunbide egoki horiek herritarrei helarazten laguntzeko ", azaldu du alkateak. "Gainera, 15.000 maskara banatuko ditugu herritarrak babesteko gomendatutako distantzia soziala mantentzea zaila zaigun uneotan", gaineratu du.

Egitasmoa bideratzeko hainbat gune berezi dira: Resurrección María de Azkue, BEC, Gernikako Arbola, Askatasunaren etorbidea, Foruak, Ansioko plaza, Reuertoko bidegurutzea, Errekatxo, Dolores Ibarruri (bidegorria) eta Itsasadarreko pasealekua.

Atzo arratsaldean hasi zen ekimena, 18:00etatik 21:30era, eta adin tarte guztiak hartuko ditu (14 urtetik beherakoak, 14 urtetik 70era bitartekoak, 70 urtetik gorakoak eta mendekotasuna dutenak). Hala ere, egun batzuetan, boluntarioek goizetan egingo dituzte ibilbideak. Paseoan doazenei nahiz kirolariek honako informazio hau eskainiko zaie, besteak beste:

  • Ohitura osasungarriak gogoratzea: eskuak garbitu, segurtasun-distantzia, maskarak erabiltzeari buruzko azalpena
  • Adinaren arabera baimendutako ordutegiak gogoratzea.
  • Haurrak, adinekoak, helduak nola irten behar duten eta kirola nola egin gogoratzea.

"Arreta berezia jarriko dugu gure adinekoengan, hartzen ari diren neurrien aurrean sortzen ari diren zalantzak argitzeko eta egiazko eta zuzeneko informazioa emateko, kalera irtetean arriskuak izan ez dezaten", azpimarratu du Del Campok; bide batez, eskerrak eman dizkio Bizkaiko Gurutze Gorriari "barakaldarrei laguntzeko hartutako konpromisoagatik".

"Boluntariotza da Gurutze Gorriaren motorra. Egiten duten lanari esker, Gurutze Gorriak Erantzuten du Plana ari gara garatzen, eta horrek erantzun integrala ematen die pertsona kalteberei ez ezik gainerako biztanleei ere, Covid-19ari aurre egiteko", zehaztu du Victor Gutierrez Bizkaiko Gurutze Gorriko presidenteak.

Konfinamendua apaltzeko faseak onartuz joan ahala joango da Gurutze Gorriko boluntarioek ematen duten informazioa egokitzen.