Gizarte laguntzetarako partida 2,2 milioi eurokoa da, nahiz eta urtero eskaeren kopuruak behera egin.

Barakaldoko Udalak etxebizitza bat ordaintzeko familiek jasotzen dituzten gizarte laguntzen zenbatekoak handituko ditu aurten. Hala jakinarazi du gaur goizean Mikel Antizar Gizarte Ekintza Arloko zinegotziak, 2020rako gizarte laguntzen deialdi berria martxan jarri ondoren.

Zehazki, amortizazio-interesen kontzeptuen zenbatekoak 120 eurorekin handituko dira, eta kontzeptu horrengatik gehienez 2.160 eurora iritsi ahalko da. Alokairuko zein jabetzako etxebizitzaren mantentze-lanen zenbatekoak ere 100 euro gehiago handituko dira urtean, eta 400 eta 650 eurora iritsiko dira gehienez ere kontzeptu horretarako. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aginduak etxebizitzaren alokairuaren kontzepturako baimendutako gehieneko zenbatekoa (3.000 euro) ematearen alde egiten jarraitzen du.

"Urtez urte jaisten ari dira gizarte laguntzen eskaerak, baina Udalak okerren pasatzen ari diren familiei bideratzen diegun diru-sailari eustearen alde egiten du", adierazi du Antizarrek. "Zentzu horretan, kontzeptu guztiak berrikusi ditugu, eta etxebizitzarekin lotutakoak gehitzea erabaki dugu, gure hiriko familia askorentzat gastu nagusietako bat baita".

Etxebizitzaren alokairua ordaintzearekin lotutako kontzeptuak dira emakiden portzentajerik handiena, % 37,44; hala, 822.932,08 euro bideratuko dituzte.

Etxebizitzaren, energiaren eta bizigarritasunaren gozamenetik eta mantentzetik eratorritako gastuen kontzeptuak % 29.62 izan dira: 650.908,59 euro.

Hipoteka-amortizazioko interesei buruzko espedienteen kopuruak behera egin du urtez urte: 317 espediente izatetik 272 izatera igaro da, 431.692,64 euroko zenbatekoarekin, hau da, gizarte-laguntzen aurrekontuaren % 19,64.

Aurten 2.216 eskaera jaso dira, eta 2.240 espediente sortu. Horietatik, 1793 modu positiboan ebatzi dira, 256 ukatu dira eta 191 atzera bota. Guztira, 2018an baino 122 eskaera gutxiago jaso dira, eta 2016tik gertatzen ari den beheranzko joera baieztatu de horrela; orduan 2.238 gizarte-laguntza eman ziren.

2020. urte honetarako gizarte laguntzen deialdi berria otsailean hasi zen, eta azaroaren 4ra arte luzatuko da, laguntza bat eskatu ahal izateko azken egunera arte, larrialdien kasuak izan ezik, horiek urte osoan zehar kudeatzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez.