Abanto Zierbenako Udalak udalerrian enplegu-sorrera bultzatzen jarraitzen du eta 2020an langabezian dauden bizilagunei eta ekintzaileei laguntza eskaintzen jarraitzen die. Hori dela eta, aurtengo aurrekontuek hazkunde nabarmena izan dute enpleguaren sustapenari, garapen ekonomikoari eta ekintzailetzari dagozkien elementuetan; izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, % 55 hazi dira.

"Iaz 489.781,44 euro inbertitu genituen gure bizilagunentzako enplegu-politika zuzen eta irekietan. Aurten, partidak ia 800.000 eurora iristen dira. Abanto Lan eta Abanto Ekintzaileak programekin jarraitzen dugu. Lehenengoak lanpostu berriak sortzen ditu eta bigarrena sortu berri diren enpresei laguntzak emateko programa da. Gogoan izan behar dugu gure enpresa-mintegia beteta dagoela. Orain, 15 ekimen daude hor eta handitzea aztertzen ari gara, oso arrakastatsua izan delako", jakinarazi du Maitana Martínez Goirik, Ekonomiaren Garapeneko zinegotziak.

2020. urtean, udal-ekarpenekin bakarrik osatutako langabeen kontratazio-programa berria jarriko da martxan; bereziki behartsuak diren pertsonei zuzendutako programa izango da, eta 40.000,00 euroko inbertsioa izango du. Gainera, 15.000 euro bideratuko dira langabezian dauden bizilagunei laguntza emateko programa berritzaile batera. 15 langabez osatutako kolektibo bati zuzendutako proiektua izango da, eta pertsona horiek lan-munduan txertatzeko ibilbidean une oro laguntza izango dute, eta orientazioa, prestakuntza eta bitartekaritza izango dituzte eskura. Langabeei zuzendutako programa da, haiei irtenbide integral bat emateko, laneratzeko aukerak handitzeko eta hori lortzeko beharrezkoak diren mekanismoak eta tresnak eskaintzeko.

Ekintzaileek ere Meatzaldeko Udalaren laguntza jaso ahal izango dute; izan ere, udalerrian enpresak sortzeko laguntzak handitu dira, eta 12.000 euro izatetik 16.000 euro izatera pasa dira, hau da, % 33 hazi dira.

Udalerriko merkataritza ere indartu da hainbat programarekin, adibidez: Apaindu Zure Ametsak, Pintxoen ibilbideak edo Merkataritza Bonuak. Horiek guztiek, aurten, 6.000 euro baino gehiagoko partida dute.

"2020rako udal-aurrekontuek izaera sozial nabarmena dute, eta horietan, Abanto Zierbenako enplegua eta garapen sozioekonomikoa hobetzen dira. Kontuek hazkunde nabarmena izan dute lan-mundurako eta prestakuntzara zuzendutako dirulaguntzetan. Aurreko urtearekin alderatuta, 220.549,89 euro gehiago daude, eta, horrela, erakutsi da Abanto Zierbenak benetako konpromisoa duela enpleguaren aldeko borrokan.

Prestakuntza, lan-orientazioa, bitartekaritza eta, batez ere, enplegu zuzenaren eskaintza dira Abanto Zierbenan enplegua sortzeko oinarriak. Tokiko merkataritzarako eta eremuko garapen turistikorako laguntzak ere herritarren lan-merkatua hobetzeko eta optimizatzeko helburua duten politiken oinarri izango dira.

"Abanto Lani esker, iaz, lana lortzeko aukerarik ez zuten 50 bizilaguni eman genien lana. Balantzea oso positiboa da. Udalerrian enplegua bultzatzea eta langabe-kopurua murriztea lehentasuna da Abanto Zierbenako Udalarentzat. Horregatik, prestakuntzan inbertitzen dugu, enpresekin lan-bitartekaritza hobetzen dugu edo kontrataziorako eta ekintzailetzarako laguntza eskaintzen dugu. Lanberriko 45 urtetik gorakoentzako prestakuntza-programaren bidez, 130 pertsonak baino gehiagok trebetasun berriak barneratu zituzten iaz, eta hori lan-mundu konplikatu eta berriari aurre egiteko behar den ezinbesteko birziklatzea da. Gaur egun, Abanto eta Zierbenan 198 enpresa daude. El Campillo industrialdeak ehun enpresa baino gehiago biltzen ditu, eta Abra Industrialen eremuan 18 daude. Gainera, enpresa-mintegian tokiko ekintzaileen beste 12 enpresa daude; gainerako udalerrian, 40 baino gehiago daude. Gure herritar bakoitzaren alde apustu egiten eta inbertitzen jarraituko dugu; enplegua gure helburua eta bandera da" esan du, amaitzeko, Martínez Goirik.