BARAKALDO. Euren saltokiaren errotulazioa euskaraz dutenek dirulaguntza eskatu ahal izango dute Barakaldon abeduaren 11ra arte. Ekintza honen bidez Barakaldoko Udalak euskara sustatu nahi du herriko saltokietan, eta euren toldoak eta errotuluak euskararatu nahi duten dendei eskainiko die finantzazioa baita ere.

Dirulaguntza lerro hori duela bi urte jarri zen abian Barakaldon, bertako enpresetan euskararen presentzia handitzeko helburuarekin. "Udalean itzulpenarekin aholkuak ematen dizkiegu, eta orain errotulazioak euskaraz edo elebitan egiteak ekar ditzakeen gastuen zati batekin ere estaltzen ditugu. "Era guztietako erraztasunak eskaini nahi ditugu, tokian tokiko negozio arduradunek pausoa eman eta euskara egunerokotasunean sar dezaten", adierazi du Iratxe Foces Euskara Arloko zinegotziak.

Eskaerak une honetatik hasi eta urte osoan zehar aurkez daitezke, deialdia abenduaren 11n amaitzen baita. Hala, interesdunek 2019ko abenduaren 12tik (aurreko deialdia amaitu zen eguna) abenduaren 11ra arteko fakturak aurkeztu ahal izango dituzte.

Udalak berriz ere 3.000 euroko partida du enpresa eskatzaileetan egindako errotulazioaren kostuaren % 50 eta % 25 artean estaltzeko, errotulua erabat euskaraz bada edo elebiduna bada, hurrenez hurren. Udaleko Euskara Zerbitzuak doako aholkularitza eta itzulpen zerbitzua eskaintzen du negozioetan errotulu horiek euskaraz izan nahi dituzten merkatari eta ostalarientzat; beraz, errotulazio berri bat aldatu edo jarri aurretik, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzea gomendatzen da, behar den laguntza guztia jaso ahal izateko.

NEGOZIO BERRIAK IRITZEKO ASMOA DUTENEI INFORMAZIOA EMATEA

Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) edo Udaleko Euskara Zerbitzuaren (beheko solairua) bidez egin daitezke. Gure hirian finkatuta dauden negozioez gain, enpresa berriei ere banatzen zaie laguntza horien inguruko informazioa, Udalera irekiera-lizentziak eskatzera hurbiltzen direnean. Horrela, hasieratik onura atera diezaiokete ekimen horri, hutsetik abiatzen ari baitira establezimenduen edo enpresen diseinuan", azpimarratu du zinegotziak.

Dirulaguntza eskatzeko, honako hauek erantsi behar dira: dirulaguntza eskatzen den establezimenduaren identifikazio-datuak; Bizkaiko Foru Aldundiarekiko eta Barakaldoko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria; jatorrizko fakturak eta dagozkien zenbatekoak ordaindu izanaren egiaztagiriak, bai eta errotulua, toldoa, biniloa¿ instalatuta dagoela egiaztatzen duten argazkiak ere.