BILBO. Sprilurrek sei pabiloi industrial berri eraikiko ditu Ortuellako Ballonti II industrialdean. Aurrekontua 1.889.637 eurokoa da eta obrak 12 hilabetean gauzatuko dira.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aldundiekin eta udalekin batera onartu duen Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko 2017-2020 Programa Markoak bere baitan hartzen ditu eremu eta udalerri behartsuetan garatuko diren hainbat ekintza eta ekimen.

Proiektu honekin erabilera industrialeko lokaletarako 6.484 metro koadro sortuko dira eremu estrategiko batean, hots, Ortuella eta Portugaletetik AP-8 autobiderako sarbide zuzena duen gunean, SPRI Taldeak jakinarazi duenez.

Eraikin berria egitean mantendu egingo dira Ortuellako Ballonti II enpresa gunean lehendik eginda dauden nabeen diseinua, osaketa arkitektonikoa eta tipologia. Horrela, B eraikineko proiektuan eraikina bi solairuko nabeetan banatuko da. Beheko solairuan lau lokal egongo dira, 441 eta 1.050 metro koadro bitarteko azalera eta gehienez 5,80 metroko altuera librea izango dutenak. 50 metrotik beherako sakonera duten nabeekin diseinatutako banaketari esker, bertan kokatzen diren jarduerek ez dute egingo ebakuazio bide alternatiborik; aldiz, lokal handiagoetan ezinbestekoa izango litzateke, suteen aurkako araudiak beharturik.

Lehen solairuan 1.195 eta 1.783 metro koadroko bi pabiloi atonduko dira, gehienez ia zazpi metro eta erdiko garaierakoak, eta sarbide zuzena izango dute errepidetik. Horri esker, posible izango da modulu bakoitzean solairuarteak egitea, 239 metro karratuko aprobetxamendu gehigarria lortuz kontratatutako azaleran. Nabeen egituran bost tonarainoko garabi zubiak jarriko dira, jarduera astunak egiten dituzten enpresek ere izan dezaten aukera lokal horietan kokatzeko. Horrez gain, aipatzekoa da eraikinaren fatxadek iparraldera emango dutela nagusiki eta argi naturalez argitutako arlo handiak izango direla.

Urte honen hasieran Sprilurrek lau pabiloi eraiki zituen Ortuellako Ballonti II industrialdean, hain zuzen, E eraikina, 2.140 metro koadro eraikigarrirekin. Pabiloi bakoitza enpresa bati esleitu zaio, eta orain enpresa horiek tramiteak egiten ari dira urteko hirugarren hiruhilekoan bertan kokatuta egoteko behin betiko.

Ortuellako E eraikinean egongo diren enpresen artean bat berrikuntza teknologikoaren arlokoa da, osasun industriarako gailuen mihiztaduran jarduten duena, eta beste bat, lehenagotik Ballontin instalatuta zegoena eta bere azalera handitu duena, manipulazio industrialeko zerbitzuetan ari da nagusiki %80an aniztasun funtzionala duten langileekin.

ETORKIZUNA

B eraikinean 6.484 metro koadroko pabiloiak eraikitzeko fase berri hau bukatu ondoren, sei urtetan Sprilurrek 13.932 metro koadroko lurzoru sustapena egin du Ortuellako Ballonti II industrialdean, eta denbora horretan 12 enpresa eta 125 langile inguru kokatu dira bertan. Honezkero industrialdeko azalera industrialaren %71 okupatuta dago.

2020ra begira, Sprilurren asmoa da libre geratzen den azken partzela urbanizatua garatzea, 2.258 metro koadro eraikigarrikoa, eta horrela Ballonti II industrialdea egonkortzea, A eraikinerako aurreikusi diren pabiloi berriak eraikita.