BILBO. Barakaldoko Udalak kultur etxeen eta hurbileko zentroen bidez eskaintzen dituen ikastaro eta tailerren eskaintzak hazten jarraitzen du. Ikasturte honetan, 20 tailer gehitu zaizkio programazioari, eta datorren urritik aurrera 169 tailer izango ditugu; hau da, joan den edizioan baino 3 gehiago. Hala, Barakaldoko 2.290 herritarrek modalitate ugari izango dituzte aukeran: erlaxazioa, dekorazio arteak, yoga, gozogintza osasungarria, barre tailerrak, pilates, bitxigintza, areto dantzak...

2019-2020 ikasturteko kultur eskaintza urte osoko 97 ikastarok eta 68 monografikok osatuko dute, denak ere 6-11 urteko haurrei, 18 urtetik gorakoei, familiei eta 65 urtetik gorakoei zuzenduak. "Urtero helburu bera jartzen diogu geure buruari: herritarrentzat erakargarriak diren ikastaroak eskaintzea eta ahalik eta herritar gehiagorengana iristea; horregatik, urtero ahaleginak egiten ditugu plaza eta tailer gehiago eskaintzeko", azaldu du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Prebentzioa eta Droga Mendekotasuneko jarduneko zinegotziak.

BERRITASUNAK

Ikastaro gehienek, 37k, alegia, dekorazio arteekin dute zerikusia; atzetik datoz ongizateari eta osasunari loturikoak (36 programa). Berritasun gisa, aurten aipagarria da gazteei zuzenduriko zientziaren arloko jardueren alde egindako apustua: hiriko bost kultur ekipamenduetan eskainiko dira. "Robotika, genetika, ozeanografia, astrologia eta antzeko jarduerak sustatu nahi izan ditugu; horretarako, ikastaro monografikoak antolatu ditugu, familientzako erosoagoak baitira", adierazi du Canterok.

Horrez gain, honako ikastaro berri hauek ere nabarmen daitezke: marmelada ekologikoak egiteko ikastaroa, barazki pateak egitekoa, sormen erronkak, kontserba ekologikoak egitea eta landareak edo loreak elementu nagusi gisa dituzten dekorazio arteei buruzko ikastaroak (lore artea, lore lehorrekin apaintzea, lore dekorazioa: lorategiko aulkiak...).

Aipatu beharra dago haur eta familiei eskainitako ikastaroen % 99 euskaraz izango direla "hizkuntza hori eskolatik kanpo erabiltzea normalizatzeko"; horrez gain, helduei zuzenduriko programan ere euskarazko ikastaroak sustatu dira; "hori dela eta, datorren ikasturtean helduentzako 18 ikastaro euskaraz izango dira".

Informazio guztia Barakaldoko Udalaren webgunean, kultur etxeetan eta hurbileko zentroetan dago eskuragarri. Izen emateak ekainaren 17tik (asteartea) irailaren 4ra arte egongo dira irekita. Irailaren 5ean plazak zozkatuko dira eta onartuen zerrendak egingo dira. Ikasturte berria urriaren 1ean hasiko da.