Barakaldo - Udan aisia denbora biderkatzen da, batez ere, nerabeen artean. Normalean, klaseek betetzen dituzten orduak zenbait ekintzekin ordezkatu behar dira eta, zentzu honetan, uda aukera paregabea da gazteen giza formakuntzan sakontzeko. Horrexegatik, Barakaldoko Giltzarri elkarteak antolatuko du Udako Gunea programa, 12 eta 18 urteren arteko gazteei bideratutako ekimena. Udako Gunearen helburu nagusia zenbait ekimen eta proiektu Barakaldoko kaleetan sor-tzea da eta, honenbestez, nerabeen mugimendua eta aktibitatea herriaren bihotzera eramatea. “Gure herriko gazteei ekintza erakargarriak eskaintzea da Udako Gunearen helburua eta, horretarako edukiz beteriko egitaraua eratu dugu udako lehen egunetarako”, adierazi zuen Nerea Canterok, Barakaldoko Udalaren Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotziak.

Programa honetan parte hartzeko epea datorren asteartean irekiko da eta epe hori hilaren 20an itxiko da. Izena emateko pausoak betetzeko derrigorrezkoa izango da Los Hermanos edo Gurutzetako topalekuetara joatea eta, hantxe bertan, eskaerak betetzeko orriak izango dituzte gazteek. Berez, Udako Gunearen aktibitatea datorren ostiralean hasiko da Alkartu Ikastolan. Han, 19.00 etatik aurrera, hasiko da kurtso amaierako jaialdi bat Giltzarriko dantza taldeen zenbait erakustaldiekin.

Bestalde, uztailak 11ra arte, Giltzarrik zenbait txango eta irteera antolatuko ditu programa honen inguruan. Adibidez, hilak 21ean Udako Gunean parte hartuko duten gazteek udako jai bat ospatuko dute Gorlizeko hondartzan. Bestalde, 25ean Urdaibai ezagutzeko aukera izango dute eta, gainera, Biosferako Erreserba ezagutzeko era berezia izango da, zeren eta kanoaz zeharkatuko dute itsasadarra. Txangoen artean oso deiagarria izango da uztailaren 9an egingo dutena Gasteizeko Gamarrako igerilekuan. Udako Gunea lekuak eta jendea ezagutzeko aukera paregabea izango da. - M. A. Pardo