BILBO. Gueñeseko lore eta landareen VI. azokan 60 erakusketa baino gehiago izango dira datorren igandean, maiatzaren 5ean. Azoka irekita egongo da Arenatzarte parkean goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte.

Merkatua hainbat gunetan banatuta egongo da. Guneotako batean, lore eta landareetan espezializaturiko Bizkaiko mintegien bilduma onenak ikusi ahal izango dira, baita Gipuzkoakoak, Arabakoak, Kantabriakoak, Burgoskoak, Aragoikoak, Leongoak eta Madrilgoak ere: bonsaiak, bromeliak, landare aromatikoak, sukaldaritzakoak, begoniak, geranioak, sasoiko loreak, bildumako kaktusak, palmondoak, fruta-arbolak eta zuhaitz apaingarriak.

Beste gune batean, ortuko produktuak egongo dira: lanabesak, mundu osotik ekarritako espezieez osaturiko bildumen hazitegiak, bai eta lorezaintzari nahiz laborantza ekologikoari buruzko liburu eta aldizkariak ere.

ARENATZarte parkea ehun urtetik gorako zuhaitzez inguratutako gune paregabea da, eta azoka dela eta, lore eta landareekin egindako artisautzako erakusketak ere jasoko ditu. Produktuen artean, harrizko loreontziak, egileen loreontziak, lorategiko faunarentzako etxetxoak (intsektuak eta txoriak), zur-lantzeak, fruitu lehorrekin egindako jostailuak, kremak, xaboiak, ukenduak, eta lore eta landareekin egindako janari eta edariak egongo dira, baina, zalantzarik gabe, hauek dira azpimarragarrienak: landare eta loreekin egindako marmeladak, fruta-likoreak, landare-pateak eta lore-zaporeko gozokiak.

Lore eta landareen azoka girotzeko, kaleko musika-jaialdiaren II. edizioa izango dugu: 11:00etan hasiko da, eta ordu erdian behin emanaldi bat egongo da (Jazz, Blue Grass, Country, Klasikoa eta Etnikoa). 14:30etik aurrera, menestra gozo bat dastatzeko aukera izango dugu. 500 anoa inguru prestatuko dira.

Eguraldi txarra egiten badu eta euria bada, lore eta landareen azoka estalitako udal-pilotalekura eramango da, Galdotza Arana plazan.