BILBO. Foru Aldundiari eskatutako markesina berriak Foruen pasealekuan jarriko dituzte. Markesina modelo berria da, eta diseinua, modernoagoa eta gardenagoa. Beste alde batetik, oraindik ez dago argi zein egunetan jarriko dituzten San Inazio, Olaetxea Apezpikua eta Larrea kaleetako markesinak.

Hasia da dagoeneko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde kohesioaren Saila Bizkaibuseko markesina berriak jartzen hirian. EAJk aurkeztutako mozioa onartu eta gero, Aldundiak men egin die barakaldarrek urte luzetan egindako eskariei, alegia, autobusaren zain dauden bitartean ez bustitzeko moduko markesinak jartzeari dagozkionak.

Hirigintza, Azpiegitura Udal Zerbitzuen Arloko zinegotzi Jon Andoni Uriak urte luzetan eskatutako markesinak jartzeko lanak hasiak dira dagoeneko. "Eragina izan duela dirudi ostegunean udalbatzan onartu zen mozioak, denbora luzean jardun baita Udala markesinak jartzeko eskatzen, eta sekula ez genuen jakiten noiz egingo zen aldaketa", esan du alkate Amaia del Campok. "Eskerrak eman nahi dizkiot Bizkaiko Foru Aldundiari gure herritarren beharrei erantzuteagatik, hobekuntza ederra nabarituko baitute autobusaren zain egotean", adierazi du Del Campok.

Beste lau markesinen zain

Foruen pasealekuko markesinez gainera, inoiz egon ez diren lekuetan ere markesinak jartzeko eskatu zaio Aldundiari. "Leku horietan, zerupean itxoin behar izaten dute herritarrek, eta euritik eta haizetik babesteko markesinak jartzeko eskatu digute auzoek", azaldu du alkateak.

Zehazki, San Inazio kalean, 23. atarian; Olaetxea apezpikuarenean, 37 eta 43 atarietan eta Larrea kaleko 17.ean: ez dugu oraindik Garraio Sailaren konpromisorik jaso". Uste dugu lehentasuna izan behar luketela jarduketa horiek, eta, espero dugu lehenbailehen kasu egitea.