Uda garaian Plentziara doan jende kopurua nabarmen handitzen dela kontuan izanda, Udalak disuasio-aparkaleku bat egokitzea erabaki du. Udalerriko futbol-zelaiaren inguruan egongo da kokatuta, eta irailaren 30era arte egongo da zabalik, ordutegia goizeko 06.00etatik gaueko 00.00etara izanik. Guztira 80 ibilgailuko edukiera izango du.

Zentzu horretan, neurri honekin, udal gobernuak udalerriko erdigunean dagoen aparkaleku eskasia arindu nahi du, aurten gehiago nabaritzen baita, hondartza inguruan kokatzen den Arpillaoko aparkalekua falta delako, segurtasun arrazoiengatik itxita dagoena.

Ekimen honi esker, autoa zentrotik gertu uzteko aukera ematen zaie erabiltzaileei, horretarako bereziki prestatutako doako gune batean. Metro-geltokiaren parean dagoen oinezkoentzako pasabidearekin lotzen den espaloi baten bidez konektatuta dagoen aparkaleku bat da, eta, beraz, erabiltzaileek igarobide segurua dute herriaren erdigunera iritsi arte.

Jarduera hau egiteko, Udalak baimena eskatu zion Euskadiko Kosta Mugapeari, futbolzelaiaren inguruetan aparkaleku hori aldi baterako baimentzeko, udako denboraldia amaitu arte. Eskaera formala egin eta Kosten baimena jaso ondoren, Udalak aparkaleku gisa jarri du gune hori. Horretarako, tokiko gobernuak hainbat egokitzapen-lan egin ditu, zorua leundu eta espazioak seinaleztatu dira, besteak beste.

Era berean, esan beharra dago Plentziako Udalak antzeko baimena eskatu diola beste erakunde bati, udalerriko beste eremu batean antzeko jarduera bat aurrera eramateko, baina oraindik erantzunaren zain dago.